Eraikina jausteko zorian zegoela eta, joan den urriaren 9an, etxebizitza uzteko eskaria egin zien Markina-Xemeingo Udalak, baina, oraindik bertan jarraitzen dutela jakitera eman dute.
Udalak azaldu duenez, urriaren 10ean dekretu baten jakinarazpena entregatu zieten errenteroei eta eraikinaren jabeei eskura: «Errenteroei etxetik irteteko eta jabeei eraikina habetzeko agintzen zien dekretuarena». Batzar bat ere egin zuten alkatearen bulegoan, zer gertatzen zen azaldu eta Bizkaiko Foru Aldundiak Etxebarrian dituen etxebizitzetara joateko aukeraren gaineko informazioa emateko.
«Etxea uzteko aginduari muzin egiten ziotela eta, behin eta berriro jo da errenteroengana, etxetik irtetea eskatzeko. Euren segurtasunagatik dela esan zaie, eta eraikina ezin dela habetu edo zutoinez segurtatu inor barruan badago», azaldu du udalak.
Etxebarriko etxebizitzak
Urriaren 17an, bigarren errekerimendua entregatu zitzaien egunean, errenteroak eurak Etxebarriko etxebizitzak ikustera joan ziren alkateagaz. «Erakutsitako etxebizitzak gustatu zitzaizkien eta, are gehiago, beheko solairuan libre zeudenak. Etxebarriako alkateak ere, hauen giltzak eskuratzeko gestioak egin zituen, gustukoen zituztenak aukeratu zitzaten», argitu du udalak.
Urriaren 20an, alkatea eta udaleko idazkaria San Agustin kaleko 26ra joan ziren, eta oraindik alde barik zeudela egiaztatu zuten. Ondoren, «arriskua hain zenez handia», udalak etxean sartu eta utzi arazteko baimena eskatu zion epaileari, eraikina habetu ahal izateko.
«Alkatea hainbat bidar egon da errenteroekin berbetan, duten arriskua ikusarazi nahian. Udal zerbitzu tekniko, juridiko eta gizarte arlokoek ere azaldu diete zeintzuk diren euren eskubideak eta zeintzuk izapide bete behar dituzten Eusko Jaurlaritzaren alokairuko beste etxebizitza batzuk eskatzeko», azaldu dute. Udalak, gainera, larrialdi egoeretarako dituen etxebizitzak ere eskaini dizkiela jakitera eman du. «Baina aldi baterako direla eta beharrizana izan dezaketen beste pertsona batzuekin partekatu beharko lituzketela argi utzita».
Epailearen baimena
Azaroaren 13an jaso zuen udalak epailearen baimena etxebizitzetan sartzeko, eta hurrengo egunean udaletxera deitu zituzten kaltetutako auzokide guztiak epailearen autoa azaltzeko. «Gizarte zerbitzuak kudeaketak egiten hasi dira presako arrazoibidez Eusko Jaurlaritzako alokairuko etxebizitza batzuk lortzeko, eskaria egin duten errenteroentzat», aitatu dute.
Azaroaren 14ko bileran, hamar eguneko epe horretan etxebizitzak borondatez uztea eskatu zien Udalak. Baina borondatez husten ez badituzte, bihar utzi arazi egin beharko zaiela nabarmendu du udalak, bihar amaitzen da-eta udalak epailearengandik etxebizitzetan sartzeko jaso zuen baimena.