
Parekidetasun Batzordeak bultzatuta, eta herritarren parte hartzeagaz I. Berdintasun Plana eratu dute. Atzo iluntzean aurkeztu zuten egitasmoa udaletxeko bilkura arteoan, eta Parekidetasun Batzordeko kideak «pozik» agertu ziren emaitzagaz. Batez ere herritarren parte hartze handia azpimarratu zuten.
Herriko beste arlo batzuetan gauza asko eginda zegoela ikusi zuen Parekidetasun Batzordeak, baina ostera, berdintasunean ezer gutxi. Ekintza solteak egiten hasi ziren, baina, oinarri bat, behar zutela ikusi zuten, berdintasunaren arloan herria nora zuzendu laguntzeko tresna bat, berdintasun plan bat.
Berdintasun plana eratzeko prosezuak hiru fase nagusi izan ditu: diagnostikoa, planaren diseinua eta osaketa, eta azkena, aurkezpena. Diagnostikoaren helburua herriaren egoera ezagutzea izan da. Horretarako datuak bildu eta herritarrekin elkarrizketak egin zituzten. Behin diagnostikoa eginda, herritarren laguntzagaz, plana diseinatu zuten. «Diagnostikoan aurkitu genituen hutsuneei erantzuna emateko bideak jarri dira», azaldu zuten.
Guztira 73 herritarrek parte hartu dute prozesuan, 69 emakumek eta 4 gizonek. Herritarrez gain udaleko lantaldea ere bildu da prosezua aurrera eramateko. Prosezu guztian gainera, Elhuyar Aholkularitzaren gidaritza eta laguntza izan dute.
Markina-Xemeingo Berdintasunerako I. Plana bi urterako plana da: 2015etik 2017ra. Emakumeen eta gizonen berdintasunaren diagnostikoan oinarritutako ekintza plana jasotzen du, bai eta Markina-Xemeingo Udalak eta herriko hainbat eragilek datozen urteetan bultzatuko dituzten politikak ere. Lau ardatz nagusi ditu planak: Berdintasunerako Gobernantza hobetzeko neurriak, balio aldaketa eta emakumeen boteretzea, bateragarritasun erantzukidea, eta emakumeenganako indarkeria.