Berbaldi berezi bategaz helduko da azken egunera Euskal Zine Bilera
https://vimeo.com/113074910
Ikuskizun bereziagaz amaituko da zapatuan 37. Euskal Zine Bilera. Azken hamabi filmak emango dituzte gaur 19:30ean Ikusgarrin, eta sariak banatuko dituzte zapatuan. Aurtengo bileragaz amaitu aurretik baina, bilera izaera hori azpimarratzeko asmoz, Lekeitioko Berbaldia deitu duten jardunaldia egingo da bihar goizean Barandiaran aretoan.
Bi ekimenek osatuko dute Lekeitioko Berbaldia: Euskal Gatazka Zinemagintzan hitzaldiak eta Zinema ikusi eta ulertu. Nola? mahai inguruak. Euskal zineaz eta zinemagintzaz orokorrean arituko dira 10:30ean hasiko den mahai inguruan esparruko adituekin. Aurtengo edizioan, Aitor Arregik, Ane Muñoz, Mikel Garciak, Begoña del Tesok eta Mikel Garciak hartuko dute parte. Hitzaldia bestalde, 12:30ean hasiko da.
«Franko bizirik zela euskararen zapalkuntza garaietan sortu zen Euskal Zine Bilera. Euskara eta ikus-entzunezkoen mundua uztartzea zen helburua, zinezale eta euskaltzaleak elkartzea, biltzea. Traba askorekin hasieran, baina aurrera egin du urtez urte Lekeitioko Euskal Zine Bilerak», adierazi dute antolatzaileek. 2008tik gainera Euskal Zine Bileraren antolatzailea Lekeitioko Udala dela gogora ekarri dute.
Amaiera ekitaldia
Tessa Andonegi, Miren Gaztañaga, Eneko Gil, Gabriel Ocina eta Miren Gojenola aktore taldeak gidatuko du amaiera ekitaldia. Aurten, gainera, saridunek berba batzuk esateko aukera izango dute. Hamar sari banatuko dituzte aurtengo 48 parte hartzaileen artean. Zuzendaritza, ekoizpena, gidoia, argazkia eta film onena sarituko dituzte. Horretaz gainera, Gazte 22 saria emango dute aurten ere, bai eta Antzar Morea sari berezia ere. 19:30ean izango da azken hitzordua.
Gaur 19:30ean Ikusgarri aretoan emango dituzten filmak:
1.- ORDU ERDI.
Egilea: Unai Garate.
Ezaugarriak: Amateurra, 7’ 39’’.
Herria: Bilbo.
Sinopsia: Egunero, zerua ilundu eta isiltasuna nagusitzen denean, emakume bat entrenatzera irteten da.
2.- ZARAUTZEN EROSI ZUEN.
Egilea: Aitor Arregi.
Ezaugarriak: Profesionala, 15’ 44’’.
Herria: Oñati.
Sinopsia: Mireni, kafea eskatzerakoan, askotan txanda-pasa egiten diote. Baina bere dendatik norbaitek alkandora bat lapurtu duela konturatzen denean, beste behin etsitzeari uko egiten dio.
3.- OH! LA LA.
Egilea: Marino Pardo Fuente
Ezaugarriak: Gazte 22, 9’ 54’’.
Herria: Gasteiz.
Sinopsia: Homosexualitatea gailentzen den mundu batean, Ariane (Iratxe Urkiaga) gazte hetereosexual batek, errealitateari aurre egin beharko dio familiari bere sekretua kontatzeko. Aukera, Itziar bere lehengusin txikiaren urtebetetzean izango du, familiaren jarrera ezberdineen aurrean aurpegia emanez..
4.- URRUNTASUNA HURBILETIK.
Egilea: Pantxika Maitia eta Kristof Ayez
Ezaugarriak: Profesionala, 21’ 47’’.
Herria: Arrosa.
Sinopsia: Banka Aldude Urepele 3 herrien arteko aranean bizitzeak ekartzen dituen barne gogoetak emaiten digute 5 lekuko.
5.- 50 URTE BRANKAZ.
Egilea: Lekeitioko Ikastola.
Ezaugarriak: Amateurra, 4’ 05’.
Herria: Lekeitio.
Sinopsia: Lekeitioko ikastola 50. urteurrena ospatzeko bideo-klipa.
6.- GARAI BERRIAK.
Egilea: Koldo Almandoz.
Ezaugarriak: Profesionala, 2’.
Herria: Donostia.
Sinopsia: Garai berriak iritsi dira Euskal Herrira…
7.- IRENE HONDARTZARA DOA.
Egilea: Pello Varela.
Ezaugarriak: Amateurra, 20’.
Herria: Araia.
Sinopsia: Irene eta Bittor baserriz osatutako auzo betean bizi diren bi gazte dira. Gertu bizitzeak elkar maitatzea ekarri du, bai eta bikotekideak izatea ere.Harremanak hozten dira Irene kanpora ikastera joatea erabakitzen duenean, Bittor etxeko negozioan lan egiten gelditzen den bitartean. Udarako oporretan.
8.- GOVERNORS: ZULOAN.
Egilea: David Zabala Erezuma / Paul Urkijo Alijo.
Ezaugarriak: Profesionala, 4’ 39’’.
Herria: Lekeitio.
Sinopsia: GOVERNORS taldearen ZULOAN abestiaren bideoklipa.
9.- KALAMUA BI ARRANTZONTZIA ANTXOATAN.
Egilea: Jon Josu Uribarren Aboitiz
Ezaugarriak: Amateurra, 10’ 10’’.
Herria: Lekeitio.
Sinopsia: Antxoa harrapaketari buruzko erreportajea Lekeitioko Kalamua Bi arrantzontzian.
10.- DON MIGUEL.
Egilea: Kote Camacho.
Ezaugarriak: Profesionala, 5’ 59’’.
Herria: Oiartzun.
Sinopsia: Eugenio, aizkora eskuetan duela, Don Miguelen botikan agertzen da, peletoriko. Azken honek paper batzuk sinatzea nahikoa da bankuak Eugeniori eskatu dion dirua mailegatzeko. Baina, sinatu eta Eugenio pozik utzi beharrean, Don Miguelek tratu bat proposatzen dio.
11.- NI NAIZ…BATMAN.
Egilea: Aitor Zugadi Gonzalez.
Ezaugarriak: Amateurra, 2’.
Herria: Lekeitio.
Sinopsia: Inork ez daki nire sekretua, baina ni naiz… Batman.
12.- ZU ETA BIOK.
Egilea: Xabier Villalba Badiola.
Ezaugarriak: Amateurra, 20’ 07’’.
Herria: Lekeitio.
Sinopsia: Aitor eta Paul aspaldiko lagunak dira baina orain Aitor Paulekin haserre dago, dirudienez Paulek egindako zerbaitegatik. Zer egin dio Paulek? Bitartean Ane, Aitorren lagunik onena, bere lagunarekin kezkatuta dago, arraro ikusten du azkenaldian, triste samar eta bere egoera ulertzen saiatuko da.