Esperientziak partekatuz elikatzen da 'Txikitzerik'
Martitzenetan eta eguenetan Kabidxen batzen dira, 17:00etan. Lehenengo tailerra ere antolatu dute abenduaren 4rako. Haurrak soinean eroateko aukeretaz ariko dira batzar horretan.Guraso talde batek Txikitzerik taldea sortu berri du. Talde hau Bermeoko a...
Martitzenetan eta eguenetan Kabidxen batzen dira, 17:00etan. Lehenengo tailerra ere antolatu dute abenduaren 4rako. Haurrak soinean eroateko aukeretaz ariko dira batzar horretan.
Guraso talde batek Txikitzerik taldea sortu berri du. Talde hau Bermeoko anbulategian finkatuta dagoen bularra emateko tailerretik sortutakoa da. Eguazten goizetan batzen dira azken horretan, baina guraso askok, amatasun bajaren ostean lanera bueltatu behar dutela eta, ezin izaten dute horretara joan. Hortaz, arratsaldeetan ere batzeko aukera izateko sortu den taldea da. Bertaratzen direnen esperientzietaz baliatuta, asko ikasten dutela dio Txikitzerik taldeko kide den Gorane Urrestik: «Galduta zaudenean, burua ateratzeko balio du».Udako zenbait arratsaldeetan batzen hasi zirela diote, espazio zabaletan, Bermeoko Talan edota Sukarrietan. «Bularra emateko tailerrera goizez ezin zutenekin etorri batzeko geratzen hasi ginen, horien zalantzak argitzekotan. Modu horretan, gainera, umeek ere elkarrekin egoteko aukera zuten», dio Agurtzane Lopez sortu berri den taldeko beste kideetako batek. Hortik abiatuta sortu zuten Txikitzerik taldea eta Goiko Plazako Kabidxe dute elkartzeko gunea. «Jendea oso animatuta dago eta egitasmoa ondo joango dela uste dugu. Momentuz, 34 lagun inguru batzen gara taldean eta denborarekin haztea espero dugu», adierazi du Urrestik. Gainera, dei berezia egin nahi diete aitei, eta taldean parte hartzera gonbidatu dituzte.
Astean birritan
Martitzenetan eta eguenetan batzen hasi dira, aipatu moduan, Kabidxen, 17:00etan. Egunak, baina, oraindik aldatu daitezkeela aipatu dute. Taldea haurrak dituzten edozein herritarrei zuzenduta dagoela diote, berdin dio, gainera, umeek duten adina, «ez dute zertan jaioberriak izan behar», azaldu dute.
Gurasoen arteko harremanak lantzea du helburu nagusi Txikitzerik taldeak, «orain arte ez zegoen ezer amak, aitak eta seme-alabak denak batera egoteko. Umeak egoteko lekurik ere ez dago», diote. Bestalde, edozein zalantza argitzeko prest daude: «Ziur gaude badagoela jendea bularra emateko tailerrera ezin daitekeena joan, eta zalantzak dituena guregana hurbiltzeko aukera dute orain. Ahal dugun heinean lagunduko diegu».
Jakin-mina soilik duten horiei ere, Kabidxera sartzeko gonbidapena luzatzen die, «denak baitira ongietorriak».
Orain arte bularra emateko tailerrean izandako esperientzia «oso positibotzat» jotzen dute parte hartzaileek, hainbat baitira bertan argitu dizkieten zalantzak. «Nahiz eta talde horretan Mario Lopez medikua eta Yolanda Landazabal erizaina dauden, batzen garenen arteko esperientzietaz ikasten dugu, batik bat. Hala ere, profesionalei eskerrak eman nahi dizkiegu emandako laguntzagatik. Beraiek abiarazi, zuten bularra emateko tailerra eta handik sortu da gurea».
Abenduaren 4an, tailerra
Txikitzerik taldea, gainera, tailer desberdinak antolatzeko asmoarekin batu da. Lehenengoa abenduaren 4rako antolatu dute. Horretan, haurrak soinean eramateaz ariko dira: haur bakarra, bikiak edota adin desberdineko bi haur zelan eroan daitezkeen azalduko dute tailer horretan. Bestalde, bertaratutakoek galderak egiteko aukera izango dute, eta zalantzak argitzeko tailer «aproposa» izango dela diote taldeko kideek.
Gainera, aukeran dauden sistema ezberdinak probatzeko aukera ere eskainiko diete bertaratutakoei. Tailer hori Arrasateko Sabeletik Mundura taldeak eskainiko du. Abenduaren 4an, eguenean, izango da, 17:00etan, Kabidxen bertan.
Taldeak antolatuko duen hurrengo tailerra keinu-hizkuntzari buruzkoa izango dela azaldu dute; umeak ikasten joan daitezen. Taldeko kide Lopez bera da interpretaria eta berak eskainiko du tailerra: «umeekin keinuak lantzeko zenbait irizpide emango dizkiet gurasoei. Ni hasi naiz jada nire alabarekin». Tailer hori gabonen ostean egitea aurreikusten dute.
Denborarekin, bestalde, umeekin jarduerak egin nahi dituztela adierazi dute; oraindik, baina, batzen diren ume gehienak txikiak direla diote. Bestalde, lokala atontzea gustatuko litzaiekeela ere jakinarazi dute parte hartzaileek: «momentuz, ez dago umeentzako egokituta, eta atondu egin nahi dugu. Hala ere, aurrerantzean taldea zelan doan ikusi beharko dugu lehenik eta behin. Orain, gure etxetik ekartzen dugu materiala».