Euskaltzaindia guztia batu da gaur Markina-Xemeinen. Azaroko Osoko bilkura egin dute lehenengo Lea-Artibaiko Amankomunazgoan, eta Jabier Kaltzakorta euskaltzainaren sarrera ekitaldia egin dute gero udaletxean.
Karmen Egunean egiten duten legez, herriko zapiekin jantzi dute gaur udaletxea Jabier Kaltzakorta herriko euskaltzainaren sarrera-ekitaldirako. Karpa bat ere jarri dute kanpoan, nahi zuen guztiak ekitaldia jarraitu ahal izateko.
12:00ak pasatuta hasi da ekitaldia. Xabier Kintana idazkariak ekitaldiaren nondik norakoa azalduko du, eta Juan Jose Txurruka Markina-Xemeingo alkateak ongietorria eman die udaletxeko osoko bilkura arteoan bildu diren euskaltzain, udal ordezkari, erakundeetako arduradun, idazle eta senideei. Euskaltzaindiako sarrera bere herrian ospatu nahi izatea eta hainbat urtetan egindako lana eskertu dizkio Markina-Xemeingo alkateak Kaltzakortari.
Andres Urrutia euskaltzainburuak hartu du hitza ondoren, eta Kaltzakortaren balioaz aspalditik konturatuta zeudela nabarmenduta, Euskaltzaindiaren magalera deitu du markinarra. Patxi Uribarren eta Jean Battitte Coyos euskaltzainak bidali ditu haren bila.
Txalo artean hartu dute Kaltzakorta, eta sarrera-hitzaldiari ekin dio. Ordu bete inguruko hitzaldia eskaini du euskaltzain oso berriak. Jose Luis Lizundia Askondo euskaltzainaren lekua hartu du Kaltzakortak eta beretzat izan dira markina-xemeindarraren lehenengo berbak. Markina Bizkaiko euskara klasikoaren habia, sorlekua dela gogora ekarri du Kaltzakortak, eta Markinan bizi izan ziren Juan Antonio Mogel eta beraren bi loba Juan Jose eta Bizenta, Prai Bartolome Santa Teresakoa, Jose Antonio Uriarte, Txirrita bertsolaria, Antonio Zavala eta Humboldt izan ditu besteak beste ahotan. Horiek guztiek mesede handia egin zioten euskarari Kaltzakortaren esanetan, eta euskara biziko bada, euskaldunek hala nahi dutelako izan behar da. “Euskara biziko bada, era berean, mesedegileak behar ditugu barrutikakoak eta kanpotikakoak”.
Kaltzakortaren hitzaldiari Adolfo Arejita euskaltzainak eman dio erantzuna. Kaltzakortaren ibilbidea eta merituak aitatu ditu Arejitak.
Euskaltzain berriari domina eta diploma emateagaz amaitu da ekitaldia. Markina-Xemeingo Udalak eta Labayru Ikastegiak opariak ere eman dizkiote. Udaletxeko atarian, berriz, aurreskua dantzatu eta lagunartean murgildu da Kaltzakorta herritar, senide eta lagunen zorionak hartzeko.