
Iñigo Alberdi, Izarbidean elkarteko kideak eta Xemein Abesbatza. Argazkia: Izarbidean Elkartea
Jende ugari bildu zen Iñigo Alberdi (Euskadiko Orkestra Sinfonikoko zuzendari ohia) eta Mikel Ansola (Markina-Xemeingo gaztea) organoan, Maria Jesus Ugalde sopranoa, eta Xemein Abesbatza entzuteko.
Izarbideaneko Olatz eta Luis Mari Egurrolak egin zuten aurkezpenagaz hasi zen ekitaldia, eta Martin Alberdi organojoleari egin zioten aipamen hunkigarriarekin eliza txalo zaparradaz bete zuen hasieratik. Oraintsu berriztatu duten organoaren laguntzarekin bikote artistiko dotorea osatu zuten Iñigo Alberdi eta Maria Jesus Ugaldek, baina Markina-Xemeingo Mikel Ansola gazteak eta Xemein Abesbatzak egin zuten aportazioak ukitu are bereziagoa eman zion ekitaldiari.
Mertzedeko eliza txiki gelditu zen kontzertura hurbildu zen herriko eta inguruko jendea batzeko eta txalo zaparradak agerian utzi zuten gustoko ekimena izan zela. Amaieran, Izarbideaneko kideek loreak banatu zituzten parte hartu zuten artisten artean, eta elizan zeuden guztien artean
Agur Jaunak kanta herrikoia abestuz eman zioten itxiera ekitaldiari.
Izarbidean elkartea oso pozik agertu da ekimenak izan duen erantzunagaz. “Eskerrak eman nahi dizkiegu bertaratu ziren guztiei, integrazioaren bidean honelako ekimenen aurrean gure herriko jendeak ematen duen erantzuna nabarmentzekoa delako. Eskerrik asko eta jarraitu jeri egiten distirari!”, azpimarratu dute.