
Jakin Taldeak bildu, katalogatu, sistematizatu eta digitalizatuko ditu guztiak, gaur, abenduaren 1ean, Josune Ariztondo Foru Kultura diputatuak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Joan Mari Torrealdai euskaltzain oso eta Jakin taldeko kideak jakitera eman dutenez. Lana burutzen ari den taldearen izenean, “urrats kualitatibotzat” jo du digitalizazioa Torrealdaik: “Azkue oso-osorik hartu eta xehe-xehe aztertu. Hori da egiten ari garen lana, gero guztion eskura utzi ahal izateko”.
Joan Mari Toreraldaik esan duenez, lanaren hiru laurdenak egin dituzte jada. “Hain da handia Azkueren obra, inork gutxik ezagutzen baitu osorik. Folkloreaz interesatzen dira batzuk, hiztegigintzaz besteak, besteak gramatikaz, besteak linguistikaz, besteak musikaz. Orain, guztia batean emanda, corpus gisa eraturik, eta interaktibotasunari esker, Azkueren obrak beste dimentsio bat hartuko du, eta ikertzaileei aztergune berriak sortuko dizkie. Digitalizazioari esker -gaineratu du- Azkueren ekoizpen intelektual-kulturala gure esku geldituko da oso-osorik eta inolako sekreturik gabe.”
Kazetari gisa idatzi zituen 713 artikuluez gainera, 85 liburu burutu zituen. Liburu horietako lau lirateke nagusi eta enblematikoak: Diccionario vasco-español-francés (Hiztegia), Cancionero popular vasco (Kantutegia), Morfología vasca eta Euskalerriaren yakintza.
Joan Mari Torrealdaik azaldu duenaren arabera, “Azkueren obra ia guztiak bera bizi zelarik argitara emanak dira, horietatik 28 XIX. mendean eta gainerako ia guztiak 1936 urtearen aurretik. Geroztik ere Azkueren obraren berrargitalpenak gauzatu dira, bai literaturan eta bai linguistika kontutan”.
Azkueren obra enblematiko eta nagusitzat jotzen ditugun lau lanek digitalizatuta badaude ere, “berriro digitalizatu behar dira, ez baitira iristen bilatzailearekin lan egiteko guk eskatzen eta eskaintzen dugun kalitate estandarrera, arrazoi desberdinengatik: irudi azpiko testua zuzendu gabe, irudiak garbitu gabe edo zikinak, bilaketarik ahalbidetzen ez duten irudi hutsak”.
Azkue
Resurreccion Maria Azkue Lekeition jaio zen, 1864an; eta Bilbon hil, 1951n.
Bilbon batxilergoa egin eta Gasteizen filosofia eta teologia ikasketak burutu ostean, Salamancara jo zuen teologia doktoregoa egitera. Musika ikasketak ere sakondu zituen geroztik, Bilbokoez gainera, Parisen, Bruselan eta Kolonian.
1888an Bizkaiko Aldundiak antolaturiko lehiaketan Bilboko Institutuko euskara katedra hartu zuen, lehiakide zituelarik Unamuno eta Arana Goiri. 1936 bitartean iraun zuen irakasle.
Aldundien eraginpean, 1918an, Eusko Ikaskuntzaren altzoan Euskaltzaindia sortu zen lehen unetik izan zen euskaltzain oso, eta 1919tik 1951 arte, 32 urtez, izan zen euskaltzainburu. Gerrako etenaldiaren ondoren, Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Batzordearen baimenarekin abiatu zuen berriro Akademia Azkuek. Beste akademia eta elkarte batzuetako kide ere izan zen, hala nola, “Real Academia de la Lengua Española”, Parisko “Société de Linguistique” eta San Petersburgoko Jakintza Bazkunakoa.