
Frontoia izan dute aterpe aurten ere Etxebarriko San Andres jaietan. Bertan elkartu ziren herritarrak, domekan, San Andres Eguna jai giroan ospatzeko. Herri kiroletako hainbat joko eta rokodromoa ere eduki zituzten ume eta gazteek aukeran, ondo pasatzeko. Nagusiagoak, berriz, briskan ibili ziren zein baino zein gehiago. Aurtengo sari nagusiak Alex Etxabe eta Ramon Mendiolearentzat izan ziren; Bigarren geratu ziren briskan Arrate Zarandona eta Agurtzane Gisasola; hirugarren postua Joseba eta Eneritz Etxanizentzat izan zen, eta laugarren saria Garikoitz Lopezek eta Joseba Artaetxebarriak lortu zuten.
Urtero modura, San Andres kartelen lehiaketako sariak ere banatu zituzten umeen afari merienda hasi aurretik. Parte hartzaile guztientzat egon ziren opariak, eta “pozik” hartu zituzten ume eta nagusiek margo eta kutxatila dotoreak.
54 artista txiki eta handik hartu dute parte aurtengo jaietako kartel lehiaketan: 0-5 urte arteko 26 umek, 6-9 urte arteko hamazazpik, 10 eta 16 arteko lauk eta nagusien mailako zazpik.
Hauek izan ziren irabazleak:
- 0-5 urte: June Markiegi.
- 6-9 urte: Nagore Iruguenpagate-
- 10-16 urte: June Sun Duralde.
- Nagusiak: Maite Juaristi.
Umeen afari-merienda ondoren eduki zuten nagusiek afaria. Hiru mahai handi bete zitzuten ume eta gaztetxoek, nagusiek berriz, gehiago. Arratsalde osoa egin zuten herritar batzuek gabeko jana prestatzen. 40 kilo urdai, 40 kilo odoloste, 40 kilo txorizo eta 40 kilo urun izan zituzten gabeko afarirako taloak egiteko. Postrerako berriz, 40 kilo gaztaina, 14 gazta eta 10 kilo irasagarrondo.
Aldarrikapena
Urtero modura, azken barikuko aldarrikapena San Andres Egunera pasatu , eta
Euskal Presoak Euskal Herrira lemapean elkarretaratzea ere egin zuten hainbat herritarrek Txomineneko aurrean. Nagusien afaria hasi aurretik egin zen elkarretaratzea.
Lekeitioko San Andres auzoa berriro bizi-bizi
Lekeitioko San Andres Auzoko jaiak indar berria hartu dute aurten.Ume, gazte, guraso eta adinekoak ere hartu dute parte Lekittoko Gaztetxekoek sanandresak berpizteko antolatutako ekitaldietan, eta gustura agertu dira antolatzaileak. Auzokideekin harremana egin eta eurak gaztetxea gehiago ezagutzeko ere balio izan dutela azpimarratu dute.

Zapatu goizean, txalapartariek auzoa esnatu ostean, Rafael Alegria Via Campesinako kidearen hitzaldia egon zen, eta 2009an estatu kolpea eman zenetik bertako giroa zelakoa izan den kontatu zuen Hondurasko bizilagunak. 25 lagun inguru batu ziren gaztetxean, eta galdera eta iritzi ezberdinekin parte hartu zuten solasaldian.
Ume eta guraso asko batu ziren arratsaldeko buruhandien kalejiran. Lekittoko Aisialdi Taldekoak ere parte hartu zuten bertan, gero erromeria izan zuten Zumarragako trikitilarien eskutik, eta fandango, arin-arin eta txurrun txurrunka ibili zirian adinekoak, gurasoak, umeak eta gazteak. Txokolate eta gaztaina erreak ere arrakasta handia eduki zutela jakitera eman dute Lekittoko Gaztetxekoek. “Guztia amaitu zen”, nabarmendu dute.
Auzoko argazki zaharren erakusketa ere ikusgai egon da asteburuan, eta asko izan dira baita ikustera joan direnak. “Adin ezberdinetako jendea hurreratu da, batez ere auzoko adineko jendea”, azpimarratu dute gaztetxekoek.

San Andres auzoko jaiak idarbarritzeko lehen pausuak eman dituzte aurten, eta hurrengo urtean ere horrela jarraitu nahi dute. “Ea datorren urtean ere, auzokideekinkin elkarlanean jai txukun batzuk prestatzen ditugun”, esan dute.