Igor Urresti pozik dago kasua artxibatu dutenaren albistea jaso ostean, espero ez zuen berria dela azpimarratu du ondarrutarrak. “Atzo deitu zidan abokatuak erabakiaren berri emateko. Albistea jaso eta gero, lasaitasun handia hartu dut”.
Gauzak ondo joango zirela pentsatzen zuen Urrestik, baina epaiketara joan beharra edukiko zuela uste zuen. “Epaiketarik ez dagoela jakitea sekulako albiste ona izan da”. Era berean, atxilotua izan zenez geroztik izan duen “babesa eta maitasuna” eskertu nahi izan ditu.
Kepa Manzisidor Igor Urrestiren abokatua ere “pozik” dago jasotako albistearekin. “Jakinarazpena atzo heldu zitzaigun”, adierazi du.
Kasua artxibatzearren erabaki nagusia ez dela delitua aipatu du ondarrutarren abokatuak. “Igor Urrestiri leporatzen zitzaiona, hau da, Kemen Urangari bere momentuan laguntzea, ez da kasu honetan delitua. Ez da ETAri laguntzen ari, baizik eta lagun bati. Hori dio laburbilduta autoak”, nabarmendu du Manzisidorrek.
Bere garaian baldintzapean irten zuen kartzelatik Urrestik, 15.000 euroko bermea ordainduta. Fidantzan ipinitako diru kopurua bueltan jaso beharko duela azpimarratu du ondarrutarraren abokatuak. “Erabakia firmea denean, bere fidantza eta dagokion guztia bueltatu beharko zaizkio. Ez bazazkio bueltatzen, eskatu egingo dira”.
Urrestiren atxiloketa. 2012ko irailaren 19an atxilotu zuen Urresti Espainiako Poliziak bere Ondarroako etxean. Barne Ministerioak jakitera eman zuenez, “erakunde terroristaren laguntzaile” izatea leporatzen zitzaion. Atxilotu orduko, Javier Gomez Bermudez epaileak Urresti inkomunikatzeko agindua eman zuen. Urrestiren etxea miatu, eta dokumentu ugari eta informatika tresnak eraman zituzten haren etxetik.
Hiru hilabete preso egin ostean, 2012ko abenduan atera zen kartzelatik. Ondarrutarra libre utzi zuten, 15.000 euroko bermea ordainduta. 2012ko irailean atxilotu zutenez geroztik, Madrilgo (Espainia) Estremera kartzelan izan zuten preso ondarrutarra.