Asteburuan Gernika eremu libre bilakatzeko konpromisoa eskatu dute
Abenduaren 13an eta 14an Jone Amezaga babestera dei egin dituzte herritarrak. Arlo eta eremu ezberditetatik helarazi diote Amezagari babesa eta elkartasunaAbenduaren 13an eta 14an Gernika-Lumo eremu libre bilakatzeko konpromisoa eskatu du Jone Libre! p...
Abenduaren 13an eta 14an Jone Amezaga babestera dei egin dituzte herritarrak. Arlo eta eremu ezberditetatik helarazi diote Amezagari babesa eta elkartasuna
Abenduaren 13an eta 14an Gernika-Lumo eremu libre bilakatzeko konpromisoa eskatu du Jone Libre! plataformak. Barikuan Gernika-Lumoko merkatu plazan egin zuten ekitaldi berezian egin zuten deialdia. Ehunka lagunen aurrean, aterkia zabalik mantentzeko erronka luzatu zuten ekitaldiaren antolatzaileek.Herriko eta Busturialdeko kirol elkarteak, kultur arlokoak, gizarte eragileak, musikariak, aisialdiko taldeak, ostalariak, merkatariak, langileak, sindikatuak, udalak…. Hainbat dira Jone libre nahi dutela adierazi dutenak, eta hori agertu zuten bariku iluntzean, jendartean. Horiek guztiek ere beraien aterkipea eskaini diote Jone Amezagari, babesa erakutsiz. Dendek, tabernek, taldeek… zeinek bere aterkia duela adierazi zuten, eta, atxilotu nahi duten arren, denda horietako, taberna horietako ateak zabalik dituela adierazi gura izan dute. «Gure partiduetan gurekin jolastea gustatuko litzaiguke, gure udaletan hartuko dugu, gure lantokietan presente dago, berarekin kafe bat hartzeko prest gaude, gure kontzertuetarako gonbidapena zalantzarik barik dauka, mendi irteeretara gurekin etortzea nahi dugu, gure lokalean esperoan gaude, gure elkarteak pozik hartuko du, lagun faltarik ez du, eta herria berarekin amesten jarraitu nahi dugu».
Askatasun gunea
Beraz, horien aterkiak zabalik dituela esan diote Jone Amezagari, ateak legez. «Gure aterkipea zurea delako, gurea delako, denona delako». Eta, babes hori kalean erakusteko deia ere egin dute. Hain zuzen, hurrengo asteburuari begirako konpromisoak eskatu zituzten merkatu plazako ekitaldian batu zirenek.
Eta babes zabal horren garrantzia ere azaldu zuten. Hain zuzen ere, aterkipeak babesa ematen duen arren, ez da babeslekua, askatasun gunea baizik: «Bertan libre sentiaraziko zaitugu, Jone». Hala, eskaera zehatza egin diete eragile eta talde horiek herritarrei: aterkiak zabal ditzatela, herri librea eratzeko, «Denon aterkiak zabalduz gero, denentzako izango delako herri librea. Jonerentzat, zuentzat eta guretzat».
Nork bere konpromisoak
Gernika-Lumoko gazteek ere beraien babesa, elkartasuna eta konpromisoa adierazi zioten Amezagari barikuko ekitaldian. Berak kalean utzi duen hutsunea betetzen jarraituko dutela esan zuten: «Zugaz jarraituko dugu gure asmoak eta helburuak betetzeko bidean; orain arte legez, egunerokotasunean lanean. Zugaz egongo gara, zugaz egon gara beti, amesten dugun Euskal Herri hori elkarrekin eraikitzeko».
Konpromisoak hartzeko eta inguruak kutsatzeko eskatu dute, hurrengo egunei begira. Asteburua bitartean, indarrak batzeko egunak direla esan zuten. «Ekaitzaren aurrean, zabaldu ditzagun denok aterkiak, herri osoa babestu arte. Gure konpromisoarekin, egin dezagun Gernika eremu librea, egin dezagun Jone, eta gutariko bakoitza, libre». Nork bere konpromisoak hartzera gonbidatu dituzte, «ez dago mugarik, norbere irudipenetik harago».
Denon esku
Jone Amezaga bera ikusteko aukera ere izan zuten merkatu plazan batu zirenek, bideo bidez. Amezagak berak hitz batzuk izan zituen herritarrentzat. Esker oneko berbak, baina konpromisoak ere eskatu zituen. «Herri honetan libre izatearen hautua egin dut, eta libre bizitzera noa» esan zuen, «baina hori posible izateko, indar erakustaldi hau konpromiso bilakatu behar da; eta, horretarako, zuek beharrezkoak zarete. Zuen danon eta bakoitzaren esku dagoelako ni libre bizi ahal izatea».
Lagunen eta gertukoen babesa badu Amezagak. Eta egunotako samin eta ezinegona arintzen laguntzen duen elkartasuna eskertu du haren familiak. Aita duen Xabier Arriaga Txiplas-ek bertsoa ere eskaini zion, maitasuna eta harrotasuna erakutsiz.