Koldo Aulestia ondarrutarrak 2014 Boluntario Saria jaso du
Gipuzkoako Foru Aldundiak AFAGI (Gipuzkoako Alzheimerdunen eta Bestelako Dementziadunen Senitartekoen eta Lagunen Elkartea) elkarteko presidenteari eman dio aurten saria. Azken 35 urtetan borondatezko lanetan aritzeaz gain, AFAGIko ahotsa izan da azken hamarkadan. Saria Martin Garitano Gipuzkoako diputatu nagusiaren eskutik jaso zuen ondarrutarrak Foru Jauregiko Jargi Aretoan.
Aulestia saria jasotzeko izendatua izan zenean, Ander Rodriguez Gizarte Politikako diputatuak Aulestiaren lan solidario eta eskuzabal ordainezina azpimarratu nahi izan zuen. “Sari honen bidez sustatu nahi ditugun boluntariotza eta elkartegintzako balioen eredu paregabea da. Gipuzkoar solidario bat da; gizarte-konpromiso sendoa du, eta bere denbora eta bizitza eskaintzen ditu, borondate osoz, alzheimerra dutenek ongizate hobea izan dezaten eta Gipuzkoa herrialde solidarioagoa, adinekoekin arduratsuagoa eta guztiontzat zerbitzu publiko hobeagoz hornituagoa izan dadin”.