2009ko sarituak. Argazkia: Kalaputxi
Mutrikuko Talaixa Triatloi klubak estrainekoz antolatu du domekan egingo den herri lasterketa. “Garai batean, urria hasieran egiten zen lasterketa, eta nahikoa jende erakartzen zuen. 2009tik kirol proba egin gabe egon eta gero, berreskuratzea erabaki dugu. Berriro egiten hastea polita iruditu zitzaigun. Bide batez, umeentzako proba txiki bat antolatzea ere ondo etorriko zela bururatu zaigu”, azaldu dute kirol taldeko kideek.
Herrikrosa hasi aurretik, “beste kirol batzuen berri emateko asmoarekin” umeentzako kros txikia egingo dute. Goiko Plazatik irtengo dute lehen korrikalariek, 10:00etan. Umeentzako bi lasterketa prestatu dituztela aurreratu dute Talaixa Triatloi Klubeko kideek. Bata, LHko 2. eta 3. mailako ikasleei zuzenduta egongo da, eta, bestea, LHko 4. 5. eta 6. mailakoei. Txikienek 600 metroko lasterketa osatu beharko dute (Goiko Plazatik Samikollako ermitara joan-etorria) eta nagusiagoek 1.200 metro egin beharko dituzte (Goiko Plazatik Santabatara joan-etorria). Parte hartzaile guztiek oparia jasoko dute.
Kros txikian parte hartu nahi duten guztiek, abenduaren 12a aurretik eman beharko dute izena euren jatorrizko ikastetxeetan.
2009ko herri krosaren irteera. Argazkia: Kalaputxi
Txikiek proba egin eta gero, 11:00etan,
nagusien txanda izango da. Helduek 10 kilometroko ibilbidea egin beharko dute. Antolatzaileek azpimarratu dutenez, garai bateko ibilbide berdina izango du lasterketak. Goiko Plazan hasi eta Debako zubiraino joan-etorria egin beharko dute korrikalariek. Sariei dagokionez, partehartzaile guztiei elastiko bana emango zaie. Lehen sailkatuek eta lehenengo mutrikuarrek, ordea, garaikurra eta txapela jasoko dituzte, hurrenez hurren.
Kirol proban parte hartu nahi dutenek aurretik eman dezakete izena
herrikossaren webgunean. Domekan bertan ere, Goiko Plazan izena emateko aukera egongo da. Aurretik izena ematen dutenek 12 euro ordaindu beharko dute, bestelakoan 15 euro. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, lasterketa hasi baino 30 minutu lehenago itxiko da izena emateko epea.