Mutrikun lantzen ari diren eta etorkizunean gauzatu nahi duten Interpretazio Plana aurkeztu dute asteon. Plan berria lantzen ari direnek horren inguruan egiten ari diren eta etorkizunean egin nahi dituzten ekimenak aurkeztu zizkieten herritarrei.
Plana aurkezten egon ziren Joseba Palenzuela alkatea, Marta Amonarriz Mutrikuko Garapen Planaren koordinatzailea, Aritz Arrizabalaga Eusko Ikaskuntzako kidea eta Leire Barriuso Geogarapen entitateko kudeatzailea.
Mutrikun gauzatu nahi duten Interpretazio Plana diseinatzea Geoparkearen ekimena izan dela adierazi zuen Mutrikuko alkateak.
Horren harira, Leire Barriusok Interpretazio Plan bat zertan datzan azaldu zuen. “Kontatzen duguna testuinguru baten barruan egon behar du. Kontakizun guztia ulertzeko, Mutrikura etortzeaz gain, Debara eta Zumaiara ere joan beharko du bisitariak. Interpretazio Plan horrek diskurtsoa garatu, eta kontatu beharrekoak ze gai izango ziren kontuan hartzen ditu, hiru herriak modu osagarri baten hartuz; hiru udalerrietan ezin dugu gauza bera kontatu”.
Interpretazio Planaren barruan diagnostiko bat egin da. Horren arabera, herri bakoitzean zer baliabide dauden kontutan edukitzen dute, gerora kontatu beharrekoa zehazteko.
Itsasoari begira
Gai nagusitzat geologia, arkeologia eta kultura hartu dituzte, herri bakoitzari bat egokituz. Mutriku kulturarekin lotzea erabaki dutela azpimarratu zuen Barriusok. “Gehien bat itsasoari lotutako kultura hartu dugu kontuan; Mutrikun garatu beharreko gai zehatza, beraz, herria eta itsasoa izango dira”.
Herri bakoitzean “herriaren erakusgarri izango zen” interpretazio zentro bat egitea adostu zutela ere adierazi zuen alkateak. Planaren helburuetako bat bisitariak herrian denbora gehiago pasatzea edo bisita errepikatzea da. Interpretazio zentroa kokatzeko hainbat eraikin kontuan izan eta gero, oraingoz, komentua ikusten dute horretarako egokiena. Etorkizunean ideia hori herritarrekin garatu nahi dutela ere adierazi zuten aurkezpenean.
Eusko Ikaskuntzak, ordea, diagnostiko bat egin du “aisialdiko eta turismoko mapan” Mutrikuren kokapena indartzeko. “Hasieran egin zen diagnostikoan herriak ze elementu, baliabide kultural eta natural zituen ikusi genuen. Horretarako, Geogarapenak zuen planean oinarritu ginen”, adierazi zuen Aritz Arrizabalagak. Euskaldunek itsasoarekin izan duten lotura Mutrikutik kontatu daitekeela iruditu zaie, herria horren “protagonista edo testigu izan delako”.