Xabi Aranburu ondarrutarra urtarrilaren 9an epaituko dute
Urtarrilaren 9an, 08:30ean, Xabi Aranburu Sagarminaga preso politiko ondarrutarra Tolosan (Frantzia) epaituko dute. Aranbururen senideek adierazi dutenez, ez dakite preso ondarrutarrari zer leporatzen dioten. Salaketa Frantziako Muret Seysess espetxeak ipini dutela dakite bakarrik. “Orain momentuan ez dakigu zer leporatzen dioten. Eskaeraren berri ez dugu eta. Fiskaltzak zer eskaera egiten duen epaiketaren egunean bertan jakingo dugu”, azaldu du Rosa Sagarminagak, Aranbururen amak.
Urrian jaso zuten ondarrutarraren senideek epaiketaren berri. “Epaiketa, berez, urrian egitekoak ziren, baina hainbat bidar atzeratu egin da. Ez dakigu zergatik atzeratu zuten ere, erantzunik ez digute ematen eta”.
Aranburu. 2013ko apirilean, hilabetez isolamenduan eduki zuten Muret Seysess-eko (Frantziako) kartzelan. Epaiketa salaketa hantxe sortu zen eztaibadaren harira izan daitekeela uste dute ondarrutarraren gurasoek. “Dakigun bakarra, kartzelak berak salaketa ipini ziola da, eta orain, epaitu egingo dute”.
Hain zuzen ere, isolamenduan egon zen bitartean, biluzik eduki zuten Aranburu. Hori dela eta, preso ondarrutarraren senideek tratu txarrengatik salaketa jarri zioten Muret Seysess-eko kartzelari. Kartzelari ipinitako salaketa, ez zen onartu eta bertan behera geratu zela nabarmendu dute Aranbururen senideek.
Era berean, kartzelaren aurka ipinitako salaketa, “euren semearen aurka” joan dela uste dute Aranbururen senideek. “Gure abokatuak biluzik eduki zutela eta, tratu txarrak jaso zituelako kartzela berari salaketa ipini zion. Orain, hori guztia Xabiren aurka erabili nahi dutela uste dugu”.