Segurtasuna bermatzeko botoi bidezko bi semaforo berri jarri dituzte
Larrabe auzoko autobus geltokian eta udaletxe parean jarri dituzte, hain zuzen ere. Zebrabideak margoztuta daude, eta semaforoak datorren asterako osotasunean martxan izango diraMuruetako errepideak segurtasun puntu berriak ditu. Oinezkoek errepidea se...
Larrabe auzoko autobus geltokian eta udaletxe parean jarri dituzte, hain zuzen ere. Zebrabideak margoztuta daude, eta semaforoak datorren asterako osotasunean martxan izango dira
Muruetako errepideak segurtasun puntu berriak ditu. Oinezkoek errepidea segurtasun osoz zeharkatzeko hiru puntu dituzte jada. Izan ere, orain dela bi urte Eleizalden jarritako semaforoari, Larrabe auzoan eta udaletxe parean botoi bidez funtzionatzen duten bi semaforo berri eta zebrabideak jarri dituzte. Datorren astean martxan izango direla jakinarazi du Muruetako alkate Jabier Ondarzak.Muruetako alkatearen esanetan, «orain dela zazpi urte inguru errepidearen hobekuntzarako proiektua egin zenean, errepideko erdibitzaile berriekin, urteteko, sartzeko eta aurreratzeko puntuak aldatu ziren herria zeharkatzen duen errepidean». Orduan, alde batetik bestera zeharkatzeko puntu seguruak behar ziren, eta horiek egin barik geratu ziren. «Eleizalden bai egin ziren zebrabideak, baina behar besteko segurtasuna bermatu barik». Oinezkoen segurtasuna bermatu aldera, baina, errepideko hiru puntutan neurri gehiago behar zituztela uste zuten udaleko ordezkariek, hau da, zebrabideak eta sakagailu bidez funtzionatzen duten semaforoak.
Azken ikutuen faltan, datorren astean martxan egongo direla zehaztu du Ondarzak.
Zebrabideak soilik jartzeak «arriskuak» ekar litezkeela uste du Ondarzak: «Oinezkoei ez ezik, ibilgailuei ere segurtasuna bermatu behar zaie. Argi gutxi dagoelako, pintura gastatu delako edota behar beste seinalatuta ez dagoelako, zebrabideagaz bakarrik arriskuak sor daitezke. Horregatik, biak eskatzen genituen».
Eta «nahi baino gehiago» luzatu bada ere, Muruetako alkatea «pozik» agertu da, Bizkaiko Foru Aldundiak euren eskakizunak kontuan izan dituelako: «Batzuetan ezinezkoa da berehalako erantzuna ematea, baina aintzat hartzea ere eskertzekoa da».
Muruetako alkateak «beti zuhurtziaz» jokatzeko eskaera egiten die oinezkoei. «Nahiz eta semaforoa berdez jarri, ibilgailua gelditu arte ez mugitzeko eskatu nahi diegu, kontu handiz ibiltzeko, alegia».