Euskal Memoriako kideen esanetan, isildua izan da torturatuen ahotsa, ezkutatua torturaren egia. Hau da, errealitate ezaguna izan da, baina, errealitate aitortu gabea eta hainbat bidar ukatua.
Azken 30 urteotan, Amnistia Internazionalaren txostenek, Tortura Prebenitzeko Europako Kontseiluko Batzordearen txostenek, Nazio Batuen Kontalari Berezien txostenek edota salaketen eta era horretako praktiken berri ematen duten Nazio Batuen Torturaren aurkako Batzordearen oharrek, prebentzioko neurriak abiaraztea ez ezik, arlo judizial eta sozialean ikerketa eraginkor egokia egitea ere gomendatu dute, bai eta haien biktimei errekonozimendua eta erreparazioa eman beharra ere. Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ere onartu du zenbait kasutan ez dela ikerketa judizial eraginkorrik egon. Intelektualen edo epaileen sektore batzuek, udalek zein ikerketa independenteek ere salatu dute hainbatetan tortura maiz gertatzen dela, eta prebenitu eta eraginkortasunez ikertu beharra zegoela.
Horrela, Eusko Jaurlaritzak 2013-2016 aldirako Bake eta Bizikidetzako Planean egoera horren gaineko diagnostiko bat egitea garrantzitsua zela nabarmendu zuen. Ondorioz, Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiak torturaren fenomenoak hainbat garaitan izandako egiazko eraginari buruzko ikerketa zorrotz eta independente bat agindu du, ondoren egokiak diren errekonozimendu eta prebentziorako neurriak hartu ahal izateko. Agindutako azterlanaren gogoeta orokorretan, arazo honi ikuspegi zientifiko batetik heltzearen garrantzia adierazi zen, eta bi aldi handi ezarri ziren: lehena, 1960tik 1978ra; eta bigarrena, 1978tik 2013ra.
Ikerketa zuzentzeko eta koordinatzeko lantalde bat eratu dute Euskal Herriko Unibertsitateko Kriminologiaren Euskal Institutuaren baitan, eta euren artean dago Francisco Etxeberria auzitegiko medikuntzan osagile espezialista ezaguna. Momentu honetan, torturaren eta tratu txarren prebalentziari buruz eskura dagoen informazio guztia biltzen dabiltza: epaitegi-ikerketak, arauak, txostenak… , eta aldi berean, epe horretan izandako tortura salaketen errolda bat egiten ari dira. Horrela, herriz herri datuak batzen hasi dira, bai eta Markina-Xemeinen ere.
75 pertsona
Zerrenda bat bialdu zuten eta Markina-Xemeinen egon diren atxilotuen eta tortura edo tratu txarren biktimen lekukotza bildu dute. Horretarako fitxa bat bete dute datu batzuekin: atxilotutako data, salaketarik egin badu edo ez… Gero, fitxa horiek guztiak ikertzaileengana bideratuko dituzte, ikerketa lana osatzeko.
Tortura salaketen errolda eginda, salaketen sinesgarritasuna neurtuko dute eta horretarako Istanbulgo Protokoloa erabiliko dute. Azkenik, errekonozimendu, konponketa eta prebentziorako ondorioak eta gomendioak plazaraziko dituzte. Azken finean, ikerketaren azken helburua tortura guztiak plazaratzea, eta berriro horrelakorik gerta ez dadin neurriak hartzea izango lirateke, eta beraz, guztia argitaratzea garrantzitsutzat jo dute.
75 lagunek bete dute fitxa Markina-Xemeinen. 1960 eta 1980 inguruan atxilotuak izan ziren hamazazpi pertsonak, 1980 eta 1990 bueltan atxilotuak edo torturatuak izan ziren 50 pertsonak, eta 1990 eta 2010 arteko beste zortzik.
Torturaren harira, bestalde, Voces. Detencion y tortura en el Pais Vasco dokumentala eman zuten Markina-Xemeingo kultur aretoan. Dokumentalak torturak jasan eta inkomunikazioan egon diren herritarren testigantzak jasotzen ditu. 1982 eta 2010 urteen artean estatu espainiarreko hainbat indar poliziaren eskuetan jasotako torturen berri ematen du. Hain zuzen ere, 11 pertsonen zuzeneko gertaerak entzun daitezke.
20 minutu inguruko dokumentalaren emanaldiaren ostean, Iñaki Goioaga senatari eta abokatuak solasaldia eskaini zuen. Tortura ez dela gorroto edo harreman pertsonal baten ondorioa esan zuen Goioagak. «Estatuak atxilotuak suntsitu eta aitortzea lortzeko erabiltzen duen metodoa da», nabarmendu zuen, metodoeran xehetasunak emanez. Indar politikoek torturaren existentzia ukatu egin dutela ere adierazi zuen Goioagak, baina Istanbul Protokoloaren bitartez konfirmatu egin direla. «Benetako konponbide politikoa lortzeko torturaren existentzia onartu egin behar da», azpimarratu zuen.
1960tik gaur egunera, 40.000 atxilotu egon direla azaldu zuen abokatuak. «Eta horietatik 10.000 edo gehiago inkomunikatuta egon dira eta tortura salatu dute».
Errolda bat egitea urrats bat dela azpimarratu zuen, torturaren existentzia berresteko.
Markina-Xemeinen egin duten modura, testigantzak jasoko dituzte herriz herri, horretarako urte bete behintzat beharko dutela aurreikusi dute.