Bermeoko odolosteak, San Antontxuko onenak
Barazkiz egindako buzkentzik onenak Jeronimo eta Barturen harategiarenak izan dira; Mungian egiten den txapelketa horretako epaimahaiarentzat, berriz, arrozezko onena Landabasorena izan da.Beste behin ere, Bermeoko harategiak ez dira esku hutsik etorri...
Barazkiz egindako buzkentzik onenak Jeronimo eta Barturen harategiarenak izan dira; Mungian egiten den txapelketa horretako epaimahaiarentzat, berriz, arrozezko onena Landabasorena izan da.
Beste behin ere, Bermeoko harategiak ez dira esku hutsik etorri Mungiako San Antontxu jaietako XIX. Euskadiko txorizo eta odoloste txapelketatik. Saritutako lau odolosteetatik hiru Bermeokoak izan dira. Barazkiz egindako buzkentzik onena Jeronimo harategiarena dela ebatzi du epaimahaiak, bigarrena, berriz, Barturen harategiarena. Arrozezko buzkentzik onena ere Bermeon egiten da San Antontxuetako odoloste txapelketako epaimahaiaren arabera: Landabaso harategiarena da onena haien arabera.Gil anaiak arduratzen dira Landabaso harategiaz, eta «oso pozik» hartu dute saria. Ez da lehenengo aldia, gainera. 2013. urtean ere beraiena izan zen arrozez egindako odolosterik onena, eta inoiz barazkiz egindakoagatik ere saria lortu dutela diote. «Herritik kanpo lortutako sariek, gainera, gehiago pozten gaituzte», diote. Bermeon, Landabaso harategiak baino ez ditu arrozez egindako buzkentzak egiten, eta «sekreturik ez duela» diote, «arroza eta bertoko produktuak erabiltzea baino ez, ez dute besterik». Gil anaien arabera, salmentetan «asko» laguntzen dute sariek, «jendeak dastatu egin gura ditu eta».
«Lehia handia» herrian
Jeronimo harategiko harakinak ere odolosteak egiterakoan sekreturik ez dagoela dio, beste behin ere: «Produktu onak baino ez dira behar, bertoko tipula eta porruak, eta hori bai, mimo handiz egitea». Hirugarren urtez jarraian jaso du Mungiako saria, bost urtetan aurkeztu da, eta lautan hartu du barazkiz egindako buzkentzik onenari saria, beraz, «poz-pozik» dago Jeronimo Mateos. «Ondo» egindako lanaren aitortza dela dio harakinak. Harategian lan handiena ematen dutena odolosteak direla azaldu du Mateosek, «ordu asko eskatzen baitute». Bermeon lehia handia dagoela dio: «Horregatik ekarri ditugu herrira hiru sari».
Barturen harategiaren buzkentzak ere oso ezagunak dira herrian, askotan saritu baitituzte. Aurten, Mungiako txapelketako bigarren saria eskuratu dute, barazkiz egindako odolosteetan. «Lanean jarraitzeko indarrak» ematen dituela diote Barturen harategiko harakinek; «sariak beti dira ongietorriak». Haien arabera ere, sariak onuragarriak izaten dira salmentetarako: «Herritik kanporako eskariak ere badauzkagu», esan dute. Barturen familiak ere ez du sekreturik odolosteak egiterako orduan; «osagarriak betikoak dira». Odolosteak egiteko bi eguneko lana behar dutela azaldu dute, «lan zikina, gainera, odolagatik». Herrian dagoen lehiari buruz galdetuta, «ona» dela iritzi diote, «hobetzen jarraitzeko gogoa ematen duelako».