1.100 lagunen bultzada ez da nahikoa izan irabazteko
Binakako Txapelketak ikusmina sortu du berriz ere; Uni frontoiko harmailak bete egin ziren zapatuan, Bengoetxea VI-Aretxabaleta eta Berasaluze II-Zubieta ikusteko; gorrien aldekoa izan zen emaitza.Aurreikuspenak bete egin dira. Eskua minduta zeukala ai...
Binakako Txapelketak ikusmina sortu du berriz ere; Uni frontoiko harmailak bete egin ziren zapatuan, Bengoetxea VI-Aretxabaleta eta Berasaluze II-Zubieta ikusteko; gorrien aldekoa izan zen emaitza.
Aurreikuspenak bete egin dira. Eskua minduta zeukala aitortu zuen Andoni Aretxabaletak joan den zapatuko partida amaieran, eta azkenean, baja izango da Binakako Txapelketako final laurdenetako ligaxkaren bigarren itzuliko lehen partidan. «Partidu nahikoa eskasa egin dut, eskua zisko eginda amaitu dut, eta ezin izan dut pilotarik kendu», esan zuen.Izan ere, ordu eta erdiko partida luzea jokatu zuten Berasaluze II eta Zubietak eta Bengoetxea VI eta Aretxabaletak ikuslez gainezka zegoen Markina-Xemeingo frontoi nagusian. 871 pilotakada eman zituzten pilotariek, txalotuenak, azkenak, Bengoetxeak eta Aretxabaletak emandakoak. Markagailua 20 eta 12 zegoela partiduko minuturik onenak jokatu zituen bikote urdinak. 17. tantoa lortu zuen Aretxabaletak, eta harmaila zutik jarri zen. Animorik ez zen falta izan herriko pilotariarentzat.
1.100 lagun bultzaka, baina ez zen nahikoa izan garaipenerako. Hasieran lortutako abantailak balio izan zien Berasaluze eta Zubietari tinko eutsi eta irabazteko. «Aitor oso ondo hasi da, eta abantaila hartu dute; Oinatzek tanto edar batzuk egin ditu, eta hurreratu gara, baina ezin izan du izan» azaldu zuen Aretxabaletak.
Nahi eta ezin. Eskuan min eta atzera jo nahi ezta ibili zen Aretxabaleta. Pena horregaz joan zen, baina giro onagaz, pozik. «Horrela frontoia ikusteak gustua ematen du; dena ezagunak, eta animoak itzelak, nahiz eta ondo ez jokatu. Urte osoko pilak kargatzeko egun hau nahikoa da niretzat», zioen markina-xemeindarrak.
Zapatuko partida galduta, bosgarren daude Bengoetxea VI eta Aretxabaleta sailkapenean. Hiru irabazi eta lau galdu, lehenengo itzuliko balorazio txarra egin zuen Aretxabaletak. «Ondo hasi ginen, baina azken aldian pare bat partida galdu ditugu jarraian, baina, bueno, borrokan egiteko gaude, eta bigarren buelta osoa gelditzen da oraindino. Bikote gogor bat garela badakigu, pilotakada asko jo behar ditugu, eta horrela jarraituko dugu bururik jaitsi gabe momentu batean ere ez».
Garaipen garrantzitsua
Bosgarren garaipena oso garrantzitsua zutela azaldu zuen, bestalde, Aitor Zubietak. «Pixkanaka-pixkanaka, bagoaz goraka», esan zuen Etxarri-Aranaz-ko pilotariak. «Partida itxia behar genuen, baina Andonik ikaragarrizko lana egin du atzean, ondo itxi du, eta Oinatz tartean denean aurrean asko gogortzen da partida» azaldu zuen.
Nahiz eta amaieran tanto batzuk urdinen alde erori, euren lanean jarraitu zuten gorriek, eta azken emaitza eraman zuten. «Partida gogorra izan da, baina gustura amaitu dut eta nire lana beteta: Pablo ondo babestu eta ahalik eta pilota gehien aurrean uztea».
Harmailak beteta ikusteagaz ere pozik agertu zen Zubieta. «Frontoira horrela etorri edo beste modura etorri ez dago alderik. Berotzen ari nintzenean, noiz behinka buru atera dut, eta frontoira begiratu eta beteta ikusteak hainbeste sentsazio ematen dizkit, eta alde horretatik oso pozik nago» azpimarratu zuen.
Urdulizen emango zaio hasiera ligaxkaren bigarren itzuliari, eta bertan egongo dira Berasaluze II eta Zubieta. Aurkari gogorrak izango dituzte aurrean, oraindik galtzea zer den ez dakiten Ezkurdia eta Zabaleta.