100 igerilarik parte hartu dute Ondarroako 24. Igeriketa sarian
Eguradi txarraren eragina nabaria izan zen txapelketan; Igorretik eta Zallatik etorri beharreko kirolari gehienek ezin izan zuten zapatuko proban parte hartuGiro oso ona egon zen zapatuan Ondarroako Zaldupe igerilekuan jokatu zen Ondarru 24. sarian. Ho...
Eguradi txarraren eragina nabaria izan zen txapelketan; Igorretik eta Zallatik etorri beharreko kirolari gehienek ezin izan zuten zapatuko proban parte hartu
Giro oso ona egon zen zapatuan Ondarroako Zaldupe igerilekuan jokatu zen Ondarru 24. sarian. Horixe nabarmendu du Iraide Burgoa probaren antolatzaileak. «Egon ziren igerilariak oso gustura egon ziren. Denak pozik ibili zirela uste dut».Denetara, 150 igerilari espero baziren ere, azkenean 100 pertsonak besterik ezin izan zuten parte hartu zapatuko txapelketan. Izan ere, eguraldi txarrak eragina eduki zuen, eta Igorretik eta Zallatik etorri beharreko kirolari askok ezin izan zuten proban parte hartu. «Uholdeak eta bideen zegoen egoera txarra zirela eta, bi herri horietako jende oso gutxi etorri da aurten», azaldu du Burgoak.
Datuei dagokienez, gehienak eskualdeko igerilariak izan zirela azaldu dute antolatzaileek; Ondarroako Igeri Taldeko 50 lagunek eta Markina-Xemeingo Atxondoa Igeri Kirol Taldeko 40 kidek parte hartu zuten.
Hainbat igeriketa proba egin ziren zapatuan. Hain zuzen ere, erreleboekin hasi zen Ondarroa Saria. Txikienek 8×50 metroko erreleboak egin zituzten lehenengo, eta gerokoan, maila guztietako kideek egin zituzten erreleboak. Erreleboen ostean, estilo denetan, 100 metroko eta 50 metroko probak egin zituzten, eta azkenik, 4 x 50 metroko erreleboekin amaitu zuten.
Egin ziren lasterketetan «maila ona» erakutsi zuten Ondarroako eta Markina-Xemeingo igerilariek, eta askok beraien marka pertsonalak hobetzea ere lortu zuten.
Marka bizkar estiloan
Ondarroako txapelketan, gainera, Zallako igerilari batek marka berri bat ezarri zuen, marka oso ona. «Zallako igerilari gazte batek sekulako lasterketa egin zuen bizkar estiloan, 100 metroko proban. Egin duen markagaz, zuzenean Espainiako txapelketarako lekua lortu du», gaineratu du Burgoak. Aurretik, proba gehiago egongo dira jokoan. Otsailaren 7an eta 8an, esate baterako, Bizkaiko igeriketa txapelketa jokatuko da Santurtzin, eta eskualdeko sei igerilarik bertan parte hartuko dute.
Ondarroako Igeri Taldeko kideek aurreratu dutenez, 1998, 2001 eta 2002 urteetan jaiotako lau kirolarik parte hartuko dute Bizkaiko txapelketan.
Markina-Xemeindik, ostera, 2002. urtean jaiotako Garazi Lekube eta 2000 urtean jaiotako Aimar Ibarloza joango dira Santurtzira. Lekubek 100 metro bizkar proban parte hartuko du, eta Ibarlozak, berriz, hiru probatan: 50 metro krol, 100 metro bizkar eta 100 metro bular probetan ariko da, hurrenez hurren.
Bizkaitik Nafarroara
Bizkaiko txapelketan emaitza onak lortzen dituztenek, gainera, otsailaren 14an eta 15ean Iruñean egingo diren probak jokatu ahal izango dituzte.