Arrain Azokako kartela lehiaketaz aukeratuko dute
Herritarren parte hartzea sustatu asmoz, Bermeoko kultura eta produktuen erakusleiho den Arrain Azoka iragartzeko kartela lehiaketa bidez aukeratuko da aurten, lehenengoz. Sari bakarra egongo dela aipatu dute antolatzaileek, 600 eurokoa.Jakinarazi dute...
Jakinarazi dutenez, Arrain Azokaren 21. aldia maiatzaren 15etik 17ra izango da. Arrain Azoka «parte hartzaileago» bat lortu gura dute, «herritarrak Arrain Azokan parte hartzeko hainbat aukera izatea, eta horren parte sentitzea», esan du Irune Ormaetxea Bermeoko Udaleko Merkataritza eta Turismo zinegotziak. Horregatik, aurten, Arrain Azoka elkarteak aipatu azoka iragartzeko kartel lehiaketa antolatu du. Parte hartu gura dutenek apirilaren 12a izango dute lanak aurkezteko azken eguna. Turismo Bulegoan aurkeztu beharko dituzte proposamenak.
Umeak eta arraina
Aurtengo azokaren helburua umeei arraina era erakargarrian ezagutzera ematea dela azaldu du Turismo Bulegoko arduradun Bego Gaingoitik: «Umeek arraina gustura jan ahal dutela aditzera eman gura da batetik, eta haientzat erakargarriagoa izateko modu gozoan presta daitekeela erakutsi gura da bestetik». Eta horrekin zerikusia izan beharko dute proposamenek.
Kartel iragarleak, derrigorrez, honako testua eduki beharko du: XXI. Arrain Azoka. maiatzaren 15, 16 eta 17an. Bermeo. Bestalde, aurtengo Arrain Azokaren helburua zein den jakinda, egileak askatasuna izango du bere lanean lelo bat ere txertatzeko.
Formatu bertikaleko lan bat egin beharko dute parte hartzaileek, 68×34 zentimetrokoa, hain zuzen, eta gura duten beste kolore eta teknika erabil ditzakete. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, egileek kontuan izan beharko dute kartelean azokaren bost babesleen logoak be agertu beharko direla, eta horretarako, kartelaren beheko aldean 6 zentimetroko barrena utzi beharko dute. Lana euskarri gogor bati lotuta aurkeztu beharko da. Kartel irabazlea ordenagailuz eginda egongo balitz, irabazleak kartela euskarri informatikoan ere aurkeztu beharko luke.
Epaimahaia Arrain Azoka Elkarteko kidez osatuta egongo da, eta apirilaren 13an batuko dira lana aukeratzeko, eta apirilaren 14an jakinaraziko dute Bermeoko Udalaren webgunean. Irabazleak, berriz, Hegaluze Sariko ekitaldian hartuko du saria, maiatzaren 15ean.
Lehiaketara aurkeztutako lan guztiak, berriz, ikusgai jarriko dituzte Nestor Basterretxea aretoan Arrain Azokaren asteburuan.
«Profesionalagoa»
Bermeoko kontserba fabriketako ordezkariek eta Merkataritza eta Turismo zinegotziak Arrain Azokaren aldeko apustua berretsi dute, eta hori «profesionalagoa eta indartsuagoa izateko» urtero ahaleginak egin behar direla adierazi dute. Horregatik, Ormaetxearen arabera, «Arrain Azokako ekimenak ez dira asteburu batera bakarrik mugatu behar, baizik eta denboran zabaldu beharko lirateke».