
Argazki erakusketa jarri dute udaletxeko harreran.
Gabonetako argazki lehiaketako sariak banatu zituen domekan Etxebarriko Kultur Batzordeak. 27 lagunek hartu dute parte aurten adin guztietako herritarrei zuzendutako ekimenean.
Bi mailatan banatu da lehiaketa, eta maila bakoitzean bilduma onena eta argazki onena saritu dituzte. 14 urtera arteko gaztetxoen mailan, Alain Txurrukak eraman du bilduma onenaren saria, eta Ibon Etxaberena aukeratu du epaimahaiak argazki onena modura.
Nagusien mailan, berriz, Leire Aierzarentzat izan da bilduma onenaren saria, eta Bego Ibarzabalek atera du argazkirik onena.
Hiru adituk osatu dute lehiaketako epaimahaia: Karmelo Undurraga argazkilariak, eta Dani Albizu eta Agurtzane Gisasola etxebarritarrek.
Argazki kamerak eta liburu digitalak eraman dituzte irabazleek sari modura.
Erakusketa udaletxean
Argazki lehiaketan parte hartu duten herritar guztien argazkiak ikusgai daude orain, udaletxeko harreran. Hiru taula jarri dituzte argazki guztiekin, eta saritutakoak, tamaina handian ikus daitezke.
Erakusketa otsailaren 20ra arte egongo da zabalik, eta kultur batzordeak azaldu duenez, otsailaren 23tik 27ra bitartean batu ahalko dituzte parte hartzaileek euren argazkiak udaletxean.