Ondarroako Zaldupe futbol zelaia gaur [otsailak 3] goizean futbol izarrez bete da. Izan ere, Eibarreko lehen mailako taldeak bere entrenamendu saioetako bat Aurreraren futbol zelaian egitea erabaki du. Ateak irekita egin dute A Coruñaren aurka partida prestatzeko lan saioa.
Gaizka Garitano entrenamenduan aginduak ematen
Armaginek, berez, Arrasateko Atxabalpen edo Ipuruaren alboko zelaian egiten dituzte beraien entrenamenduak, baina azken orduko aldaketa batzuk direla eta, asteburuko partidaren prestaketak Ondarroan egitea erabaki dute. Aurrera taldearentzako “ohore handi bat” izan da lehen mailako talde bat herrian entrenatzen izatea. “Eibar taldearen arduradunek atzo deitu ziguten, ea bertan entrenatu ahal zuten galdetzen. Gure aldetik baiezkoa eman genien, Zaldupeko ateak beti irekita izango dituzte”, azaldu du Eladino Gonzalez presidenteak.
Eibarrek Ondarroan entrenatu behar zuenaren albistea azkar zabaldu da herrian, eta futbol zelaia eta inguruak ikuslez bete dira lan saioa hasi orduko. Zaldupeko harmailak ikastetxeetako ikaslez bete dira. Guztiek adi-adi ikusi dute jokalariek nola entrenatzen zuten. Denak koadernoa eta boligrafoa eskuetan zutela joan dira euren gogoko futbol jokalarien sinaduraren bat edo beste lortzeko.
Jose Luis Mendilibar
Ikusleen artean nahasita aurpegi ezagunen bat edo beste ere ikusi izan da. Besteak beste, Jose Luis Mendilibar futbol entrenatzailea eta Iturrino Realeko futbol jokalari ohia ere Zaldupen izan dira.
11:00etan hasi, eta bi ordu inguruko lan saioa egin dute armaginek. Bakarkako prestaketa fisikoa egiten hasi dute goiza, eta ostean, zelaigunea bitan banatuta minutu eta erdiko partida arinak jokatu dituzte. Alain Gandiaga Markina-Xemeingo prestatzaile fisikoa ere han egon da aginduak eman eta entrenamendua gertutik jarraitzen. Azkenik, Gaizka Garitanok taldea bitan banatu du eta partida luzeagoa jokatu dute Zaldupera hurbildu direnen gozamenerako.
Alain Gandiaga prestatzaile fisikoa
Ez da entrenamendu saio erraza izan. Azken orduetan egin duen euriak, berdegunea urez eta lokatzez bete du, eta horrek futbolarien lana erabat zaildu du. Xabi Iruretagoiena Berriatuko atezainari, esate baterako, lokatza sartu zaio begietan eta Ostaika Egia medikuak hartatu behar izan du atsedenaldietako batean.
Xabi Iruretagoiena sake bat ateratzen
Atezain berriatuarrak argi utzi du zergatik deitzen dioten katua; sekulako jauziak egin ditu atera heltzen ziren baloi guztiak gelditzeko.
Gaurko lan saioa amaitu denean, ikusle gehienek argazkiak atera eta sinadurak batu nahi izan dituzte euren futbol izarrekin batera. Gehienak Iruretarengana hurbildu dira.
IRUDIETAN [nggallery ID=221]
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.