Iparraldeko puntistek partida «oso estuak» jokatu dituzte Mutrikun
Zesta-puntan jokatzen ari diren Euskal ligako bi partida «ikusgarri» jokatu ziren zapatuan Mutrikuko Miruaitz frontoian. Hain zuzen ere, Iparraldeko goiko mailako profesionalen eta afizionatuen arteko norgehiagokak ikusteko aukera egon zen.Antolatzai...
Antolatzaileen esanetan, nahikoa ikusle bildu ziren frontoian. «Horrelako pilotariak ez dira egunero herrian edukitzen. Zortzi pilotariek ikusgarri jokatu zuten. Guretzat plazer handi bat izan zen», azaldu du Jon Mendizabal Danok Bat Pelotazale Elkarteko kideak.
Iparraldeko puntistek jokatu zituzten partida biak oso estuak eta lehiakorrak izan ziren. Denak ere, hainbat berdinketarekin beteak. Miruaitzera gerturatu zirenen arabera, «erakustaldi ederra» eman zuten zortzi pilotariek. «Bi partidak luzeak, oso interesgarriak eta gogorrak izan ziren. Ikusteko zoragarriak eta bikainak».
Hiru set-etara
Jokatzen lehenak Biarritz Athletic Clubeko eta Section Paloise-ko bikoteak izan ziren. Lehen set-a Biarritz Athletic Clubeko Unai Alberroren eta Nicolas Toucoulleten aldekoa izan zen; 15-13 irabazi zieten Section Paloiseko Jean Dominique Olharani eta Sebastian Itoizi. Bigarren set-a, aldiz, Section Paloiseko bikotearen aldekoa izan zen; Olharanek eta Itoizek 15-13 irabazi zuten.
Lehen bi set-etan berdinketa egon zenez, bi aurkariek hirugarren set bat jokatu zuten 10 tantora. Bi bikoteek «txukun» jokatu bazuten ere, Jean Dominique Olharanek eta Sebastian Itoizek 10-5 irabazi zuen norgehiagoka.
Bigarren partida Kostako eta Biarritz Athletic Clubeko kideen artekoa izan zen. Lehen set-a Jon Curveur eta David Minvielleren aldekoa izan zen; 15-11 irabazi zioten Jerome Amatiri eta Matthieu Errandoneari. Bigarren set-ari dagokionez, Jerome Amatik eta Matthieu Errandoneak 15-6 irabazi zuten.
Lehen bi set-ak berdindu ondoren, hirugarren set «estu bezain interesgarria» jokatu zuten. Azken tantora arte lehiakortasuna handia egon zen kantxan. Partida Amatik eta Errandoneak irabazi zuten, azken set-a 10-9 irabazi eta gero.