Partida bi galduta, ez da hurrengo fasera igaroko Urdaibai ET
Bizkaiko eskubaloi txapelketako finalean bigarren postua eskuratuta, bigarren fasean parte hartzeko aukera lortu zuten Urdaibai Eskubaloi Taldeko kadeteek. Hala, joan den asteburuan, Elgoibarren (Gipuzkoa) neurtu behar izan zituzten indarrak beste hiru...
Urdaibaik lehenengo edo bigarren postua eskuratu izan balu, lehenengo aldiz aukera izango luke Euskal Ligara ailegatzeko. Hori eginda, hirugarren fase batera igaroko lirateke, bertan, Euskal Ligako bosgarren eta seigarren sailkatuaren aurka lehiatuz. Hori hala izan ez denez, Bizkaiko Kopa lehiatu beharko dute orain, Urdaibai Eskubaloi Taldeko kadeteek.
Barikuan, zapatuan eta domekan, partida bana jokatu zuten Elgoibarren bildutako lau taldeek. Lehenengo egunean, esate baterako, Irungo Bidasoaren aurka jokatu zuen Urdaibaik, eta markagailuan 35-26 bukatu zen partida. Arantza Ruiloba taldeko entrenatzailearen arabera, «makal» zelairatu ziren jokalariak egun horretan. Partidaren hasieran, 7-0 zeuden atzetik, eta horri buelta ematea oso zaila zela azaldu du Ruilobak.
Hurrengo egunean ere, «loak hartu zuten» zelaian. Partida osoan markagailuan atzetik izan ziren Urdaibaikoak, eta, azkenean ere, 37-20 galdu zuten. Elgoibarren aurkako partida «gogorra» izan zen egun horretakoa.
Domekan iritsi zitzaien garaipena Busturialdeko jokalariei, Donostiako Salleko taldearen aurkako norgehiagokan. Ruilobak azaldu duenez, azken segundoetan erabaki zen norgehiagoka: 40-30 irabazi zuten bertokoek. Partida osoan aurretik egon baziren ere, partida «orekatua» izan zela aipatu du.
Partida guztiak jokatuta, Elgoibar sailkatu zen lehenengo, eta Bidasoa bigarren. Hurrengo fasean egoteko aukera barik, Urdaibaikoak «pozik» daude bizitako esperientziagaz; horri esker, Bizkaitik kanpoko taldeak ezagutzeko aukera eduki dutelako.
Protestarako unea
Asteburuan, gainera, protesta egiteko ere aprobetxatu dute eskubaloi taldeek. Izan ere, Euskal federakuntzak partidak 10:00ak baino lehenago jartzea debekatzen duen arren, 09:15ean jokatu behar izan zuten Bermeokoek Elgoibarren. Horren aurrean, lehenengo bi erasoetan, baloia jaurti beharrean, lurrean uztea erabaki zuen Urdaibaik, eta, aurkariak, berriz, zelaitik kanpora botatzea.