Urdaibain turismo iraunkorra nola garatu aztertuko dute bihar eta etzi
Jardunaldiak egingo dituzte Busturiko Biodibertsitate Zentroan, eta parte hartzea herritar denei zabalik dago. Topaketek Europako TIEG gutuna izango dute ardatzTurismo Iraunkorraren Jardunaldiak egingo dituzte lehenengoz Urdaibain, bihar eta etzi. Eusk...
Jardunaldiak egingo dituzte Busturiko Biodibertsitate Zentroan, eta parte hartzea herritar denei zabalik dago. Topaketek Europako TIEG gutuna izango dute ardatz
Turismo Iraunkorraren Jardunaldiak egingo dituzte lehenengoz Urdaibain, bihar eta etzi. Euskadiko Biodibertsitate Zentroak (Madariaga Dorretxeak) hartuko ditu, eta Urdaibain turismoa kudeatzeko modu berri bat nola ezarri aztertuko dute. Hain zuzen, Urdaibaiko Biosfera Erreserba bezalako naturgune babestu batean turismo iraunkorraren garapena sustatzeak duen garrantzia aztertuko dute, sakonean.Lehenengo edizio horretan, Turismo Iraunkorraren Europako Gutuna (TIEG) izango dute ardatz jardunealdietan parte hartzen dutenek. Hau da, turismoa ekonomiako sektore iraunkor gisa bultzatzen duen ekimena izango dute abiapuntu.
Turismo Iraunkorraren Europako Gutuna deritzon ekimenak hainbat onura eskaini ahal dizkie horrekin bat egiten duten enpresei, eta, beraz, baita babestutako lurralde osoari ere. Enpresa horiek borondatezko konpromisoa hartuko lukete turismo iraunkorraren printzipioak aplikatzeko. Turismo mota horretan, eremu babestuen kudeatzaileak eta enpresak euren estrategiak batera definitzen saiatuko lirateke, jardunaldien antolatzaileek azaldu dutenez.
Hain zuzen, Basquetour-Turismoaren Euskal Agentziak, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak eta Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen Sailak zein Turismo Sailak antolatu dituzte jardunaldiak.
Deialdi zabala
Parte hartzea zabala da. Lehen, bigarren eta hirugarren sektoreetako erakunde, profesional eta enpresek parte har dezakete jardunaldietan. Baina, batez ere, zerbitzu sektoreari eta turismo sektoreko erakundeetako arduradunei, enpresei eta profesionalei bideratutako jardunaldiak dira. Dena dela, herritar guztiek parte hartu dezaketela argitu dute antolatzaileek; Busturialdea eta Urdaibaitik kanpokoentzat ere badira. Izan ere, antolatzaileek azaldu dutenez, eremu babestuetako turismo iraunkorraren gakoak edozein lurralderen garapen ekonomikorako erreferente garrantzitsuak ere badira.
09:00etan hasiko dira jardunaldiak, bihar eta barikuan, eta 13:30ean aurkeztuko dituzte ondorioak. Bi egunotan hainbat hitzaldi emango dituzte, bertoko zein kanpoko adituek.