Elurrak momentu ikusgarri eta politak eskaini baditu ere, bere alderdi txarra erakutsi du azken egunotan. Zirkulazio arazo handiak sortu ditu, eta kasu batzuetan jendea errepidean harrapatuta geratu da.
Euskal Herria eta penintsula osoa astindu duen frente hotzak eta tenperaturak erabat izoztu ditu. Iragarpenen arabera, gainera, hurrengo orduetan ere, eguraldia bere horretan mantenduko da; Lea-Artibai eta Mutriku osoak elurrengatik alertan jarraituko du .
Atzo elurra hondartzetaraino heldu bazen ere, gaur [otsailak 5], gauzak zer edo zer baretu egin dira eta ez du elurrik egin itsas mailan. Haizeak zakar jo du gau osoan eta tenperaturak hotz mantendu dira eguneko lehen orduetan. Batez ere, eguneko tarte horretan egon da arazorik gehien errepideetan. Trabakuako mendatea, esate baterako, goizeko lehen orduetan itxita egon da eta auto pilaketa handiak sortu dira bai Markina-Xemein inguruan zein Berrizen. Izan ere, elurra mara-mara egin du goizeko lehen orduetan Markina-Xemein eta inguruetan.
Gernika-Lumo arteko errepidean, Bizkaibusak buelta emateko laguntzen
Munitibar eta Gernika-Lumo batzen dituen errepide hegaletan ere elur mordoa dago, eta noranzko bietan doazen ibilgailuentzako oztopo handia da hori. Elurrak errepidearen zati handi bat hartu du, eta ibilgailuak oso gertu igarotzen dira elkarrengandik. Hori gutxi balitz, gainera, zuhaitz ugari erori dira aipatutako errepidera, eta horrek arazo handiak sortu dizkie kamioietako zein autobusetako gidariei. Gaur 06:20an, esaterako, autobus bat errepidean gurutzatuta geratu da, Astorkigane inguruan, eta 11:00ak bitartean, bertan izan da, ezin mugituta. Munitibarko udaltzainak errepide hegaleko elurra kendu behar izan du autobusak buelta ematea ahalbidetzeko. Izan ere, Lekeitiotik Gernika-Lumorako noranzkoan zioan autobusa, baina errepideko zuhaitzek traba egiten dutela eta, ezin izan du noranzko horretan jarraitu. Hala, buelta hartu eta Lekeitiora bidean abiatu da.
Ez da arazoa eduki duen bakarra izan; izan ere, errepidean dauden zuhaitzek bertatik pasatzen den edozein ibilgailuri zailtzen dio igaroa. Munitibarko udaltzaina egunotako egoeraren kexu da. Izan ere, bera dabil Bizkaiko Foru Aldundiaren errepideak direnetan beharrean. Bere arabera, ez da errepide horietaz aldundiko inor arduratu, eta herritarrei bertatik igarotzea errazteko bera dabil errepidean bildutako elurra eta eroritako zuhaitzak kentzen. Hala ere, herriko hainbat auzoetan ere behar handia du, eta, leku guztietara ezin daitekeela ailegatu salatu du, eta, gutxiago, udalarenak ez diren errepideetara.
Udaltzainak dioenez, hainbat abisu jaso ditu SOS Deiaketik alerten berri emanez, baina horren aurrean inor ez dela errepide horien egoeraz arduratu kritikatu du. Munitibarko bideetan, beraz, tentuz ibiltzeko eskatu die herritarrei.
Kamioi bat Milloin harrapatuta
Eguna aurrera joan ahala, errepideetan egoera hobetzen hasi da, baina eguerdi partean egin duen txingorrak eta elurrak beste hainbat arazo sortu ditu eskualdeko errepide sarean. Berriatuko Milloiko errepidea minutu gutxitan zuritu egin da eta gorabehera asko egon dira. Gidari asko harrapatuta geratu dira, eta bateren batek txapa istripuren bat edo beste izan du gune horretan. Ahal izan duten ibilgailuek, aurrera ez egitea erabaki dute eta buelta eman dute.
Trumoi ekaitzak batez ere gehiago izango dira kostaldean, eta kazkabarra egin du. Mutrikun, esate baterako, txingorrak gogoz jo du eta Ondarroatik Mutrikura zetozen ibilgailuek hainbat arazo izan dituzte eguerdian.
Txingorra asko egin du Mutrikun eguerdian
Eguraldiari dagokionez, hurrengo orduetan aldaketa gutxi espero dira. Euskalmeten arabera, tarteka zaparradak botako ditu eta leku askotan elurra ere egingo du. Ipar Ekialdeko haizea zakar ibiliko da. Gaur eta bihar, alerta laranjak jarraituko du, elur maila 0 eta 100 metro artean mantenduz. Tenperaturek ere hotz jarraituko dute, eta abisu horia asteburu guztian mantenduko da, tenperaturen jaitsieragatik.
Bihar [otsailak 6], prezipitazioak ez dira handiak izango, baina Euskalmeten aldizka gogor bota dezakeela iragarri du. Zapatuan, zertxobait hobera egingo du egoerak. Tenperaturek hotz jarraituko baldin badute ere, prezipitazioak gutxitzen hasiko dira. Batez ere, egunaren lehenengo tartean egingo du euria eta gau partera atertzera egingo du, elur maila 200 eta 400 artera igoz.
Domekari dagokionez, iragarpenen arabera, tenperaturek goraka egingo dute.
[nggallery ID=222]