Etxebarria eta Munitibar lotuko dituen linea ipiniko du Bizkaibusek
Bizkaibus autobus zerbitzua taxi-bus zerbitzua eskaintzen ibili da Etxebarritik Markina-Xemeinera. Ziortza-Bolibar, Markina-Xemein eta Etxebarria tartea lotzen zuen, eta linea horren zerbitzua taxi bategaz ematen zen. Ordainketa egiteko bide bakarra 1,...
Biskaibusek bere zerbitzua hobetzeko asmoz, linea gehiago jarri ditu hainbat herritan, eta euretako bat Etxebarria eta Munitibar lotuko duena izango da. Beraz, orain, tarte luzeagoa egiteko aukera edukiko dute erabiltzaileek. Gainera, aukera berriagaz, Lekeitio eta Gernika-Lumo lotzen dituen zerbitzuagaz bat egin daiteke Munitibarren. Hau da, Gernika-Lumorako autobusa hartu daiteke bertan.
Taxia barik, gainera, autobus txiki bat ibiliko da batera eta bestera. Bizkaibusek ordutegiaren kartela jarri du dagoeneko Etxebarriko geltokian, baina ordutegi horiek egokitu nahi dituztela azaldu dute Etxebarriko eta Markina-Xemeingo udalek. «Eguerdiko ordutegia kendu egin zuten, eta ikastetxeetatik irtetzen diren ikasleentzako egokia dela ikusten dugu», azaldu du Jesus Iriondo Etxebarriko alkateak. Beraz, linea bat gehiago adostu nahi dute udaletako ordezkariek Biskaibusegaz. «Herritarrentzat zerbitzu egokiena ematea da lortu nahi duguna», azpimarratu du Iriondok.
Behin-behineko ordutegiak
A3922 linea berriak Etxebarrian, Markina-Xemeinen, Iruzubietan, Bolibarren, Zeinkan, Gerrikan eta Munitibarren izango ditu geralekuak.
Udalak eta Bizkaibusek beste ordutegi bat adostu bitartean hurrengo orduetan emango da zerbitzua: Etxebarritik irteerak 07:10ean, 09:10ean, 13:10ean, eta 19:10ean izango dira. Munitibartik irteerak 07:40an, 09:40an, 13:40an eta 19:40an izango dira.
Ordu horietaz gain, 14:30ean Markina-Xemeindik Etxebarrira joateko aukera egotea adostu nahi dute udalek.