
Xabi Villalba, David Madarieta eta Ibon Larreategi Zinemazaleak elkarteko kideak.
Apostua egin zuten eta irabazi. Herritarren bultzadagaz, zinea ikusteko aukera dute gaur egun Lekeition. Bazkidetza izan zen gakoa. 535 bazkide egin zituzten, eta horiei guztiei esker filmeak emateko makina berria erosi eta berriro ere zinemazalez bete zen Ikusgarri.
Uste zutena baino bazkidetza hobea lortu zutela dio David Madarieta Zinemazaleak elkarteko lehendakariak. “Gure hasierako asmoa proiektua martxan jarri eta abendura arte eustea zen”, dio. Hala ere, herriaren erantzuna oso ona izan zela ikusi zuten, eta ahal duten bitartean, “eta zorrik egiten ez duten bitartean” aurrera jarraituko dute.
Hasierako 535 bazkide horiei gainera, Zinemazale izan nahi duten beste asko batuko zaie. Izan ere, martxoaren 31ra arte bazkide egiteko aukera berria zabaldu du elkarteak. “Txarteldegira hurreratu den jendearen eskariari erantzunez zabaltzen dugu aukera. Bazkide ez denak esan digulako, arrazoi ezberdinak tarteko, denbora pasatu egin zitzaiola, ez zuela izan aukerarik bazkide egiteko, eta gustora egingo litzatekeela”. Bigarren aukera bat emango dute beraz. “Gure elkarteak bazkidetzak sustatzen ditu eta ondo etorriko litzateke 535 barik 600 egotea”, dio Madarietak.
Elkartearen funtzionamendu onaren alde garrantzitsu bat boluntarioak dira. Garbiketa zerbitzua hartuta daukate, baina beste lan guztiak boluntarioan bidez egiten dituzte, eta badago zeregina. Elkarteko bazkideek boluntario modura lan egiten dute bai txarteldegian bai sarrerak mozten besteak beste . “Oso laguntza handia ematen dute eta eskertzekoa da; eureri esker ere gure elkarteak aurrera jarraitzen du”, azpimarratu du Ibon Larreategi batzordeko kideak.
Pelikulak berriz, programatzile baten laguntzagaz aukeratzen dituzte. “Uxue Urbieta du izena gure programatzaileak, gureagaz gain, bederatzi areto eramaten ditu. Gu gara Bizkaian eramaten duen areto bakarra. Berak gutxi gora-behera botatzen digu proposamen batzuk eta gero guk, batzorde mailan, gure proposamenak egiten ditugu. Biak kontutan hartuta hileko programazio bat osatzen dugu”, azaltzen du David Madarietak.
Bide onetik
Orain arteko aukeraketa egokia den ala ez ikusteko balorazio bat egitea eskatu zieten bazkideei Gabonetako batzarrean. “Bide beretik jarraitu edo beste era bateko pelikulak ekartzea nahi zuten galdetu genien, eta printzipioz, nota ona eman ziguten: oso ondo bat”, aitatu du Xabi Villalba proiekzioak ematearen arduradunak.
Iazko sei hilabeteak baloratu, diru sarreren eta gastuen balantzea aztertu, pelikulak zelan hartzen diren azaldu, eta aurrera begirako proposamenak jakitera eman zituzten bileran. 10.000 ikusle baino gehiago batu ziren Ikusgarrin lehen sei hilabeteetan.
Hasiera gogorra izan bazen ere, makina ordaindu behar zen eta, orain bidea eginda dago, horregaitik bazkide berriek beste baldintza batzuk izango dituzte, askoz hobeak. “Ez daukagulako iaz geneukan premia bera, makina erosi beharra. Orain bazkide berriak ez du bono bat edukiko pelikulekin, bazkide egingo da kopuru baten truke eta gero pelikulak bazkideen prezioan izango ditu”, azaldu du Madarietak.
Era horretan, 50 euro ordaindu beharko dira bazkide izateko, eta gero txartel bat jasoko dute. Txartela hutsik egongo da, eta betetzeak 10 euro balioko ditu. “Bazkideak, sarreragatik 6 euro ordaindu beharrean 4 euro ordaintzen ditu”, argitu du Larreategik. Bazkide txartela , gainera, berriz kargatzekoa izango da. “Pelikulak 4 euro kostatzen baditu eta hamar pelikula ikusi nahi badituzu 40 euro ordaindu eta hamar pelikula kargatzen dira nahi duzunean ikusteko”.
Txarteldegian kargatzen da txartela 5 euro, 10euro, edo 20 eurotan. Gehienez, 100 eurora arte bete daiteke. “Kode bat dauka txartelak eta horregaz kontrolatzen da zenbat bono dituen bakoitzak.
Beste aukera bat bazkide txartela erakutsi eta sarrera berezia erostea da, 4 eurotan.
Arazoak
Bazkide txartelak banakoak dira, ezin dira besterengandu, baina kontu horregaz arazoren bat izan dute Zinemazaleek. “Hasi ginenean ez genuen txartelik kontrolatzen, baina,pikarokeria martxan hasi dela konturatu gara. Ikusleak beste baten txartelagaz joaten hasi dira, eta gauza kontrolpetik kanpo ateratzen hasi da” aitatu du Ibon Larreategik. “Elkartearen zutabe nagusia bazkidetza da, beraz, azken batzarrean, bazkidetza sustatu nahi bada, gai hori kontrolatu egin beharko dugula erabaki dugu, bestela gure sustapena galtzen doa”, dio.
Gaur egunean, pelikula bat lau eurotan leku gutxitan ikus daiteke, Ikusgarri da leku horietako bat . Gainera, aurtengo urteari begira, marrazki bizidunen saioak ere ematen dabiltza, hiru eurotan. “Euro bat bajatu dugu ea erantzun ona badago”, dio Larreategik. “Pelikula ordaindu, proiekzionistaren gastua, garbitasuna, eta berritasunak ekarri nahi badira, ordaindu egin behar da, eta gure sustapena bazkideak dira”, gogorarazi du Madarietak. “Diruaren kontuagaz fin ibili behar gara. Hasierako bazkide batzuk laguntzearren egin ziren bakarrik. Orain baina, errendimendu erreala ikusiko da. Ataratzen den dirua pelikulak alokatzera bideratuko da, eta galerak badagoz hor ikusiko da”, esaten du Larreategik.
Zorra, baina, ez da irabazi asmorik gabeko elkarte baten helburua. “Pelikula, garbitasuna…guztia ordainduta, denak bazkideak izanda justu-justu ordainduko genuke” diote.
Lekeitioko zinera pelikula eskasak eta zaharrak ekartzen direneko irudia dagoela uste dute Zinemazaleek. “Batzuk ez dira hurreratu ere egiten kartelean zer dagoen ere ikustera”. Baina, apurka-apurka herritarrak hasi dira konturatzen pelikula berriak ematen dituztela. “Baina pelikula berriak ekartzea dirua da eta kontuz ibili behar gara”. Kartelerak hilabeteko aurrerapenagaz zarratzen ahaleginduko dira. “Horrela pelikula Lekeition ematen dela jakinda, batzuk ez dira Bilbora ikustera joango”.
Elkartearen web orria eta facebooka izango dituzte ikusleengana hurreratzeko bideak. “Ulertzen dugu adin batetik gorakoak galduta ibiliko direla, baina bada era bat zer emango dugun etxetik bertatik jakiteko aukera ematen duena. “Ahal denik eta jende gehiagorengana heldu nahi dugu” azpimarratu du Xabi Villalbak. Bazkideei, gainera, posta elektronikoz ere bidaliko diete informazio guztia.
Hobetzen
Sistema berriak jartzen ere aitzindari izan dira Zinemazaleak. Bazkide batzuen artean hobeto entzuteko aparailua dutenak dituzte, eta horientzat ere filmeak ikustea atzeginago izatea nahi izan dute. “Bazkidetza on bat izan dugu, herriak erantzun ona eman du, eta beraz, eduki dugun diru apurra, irabazi asmorik ez daukagunez, sistema hori ezartzera bideratu dugu. Ematen duen zerbitzua kontuan hartuta, ez da oso garestia”.
Indukzio kiribil sistema jarri dute. Lea-Artibain lehenengoak izan dira sistema hori jartzen, eta Bizkai mailan ere Alondigako bigarren aretoan eta Basauriko zine antzokian besterik ez dago. ” Ondo ez entzutea ez daitela izan inorentzako oztopo zinera joateko”, azpimarratu du elkarteko lehendakariak.
Bazkideak gustura daude, eta ikusleak ere bai, tartean On Benito. “Angel Iturraspe jarri zen, eta bere aparailuan birritan emateko esan genion, eta gero, pelikula amaitzen zenean kanpoan berba egingo genuela. Irten zuenean bizitza aldatu geniola esan zuen”.
Antena bat jarri dute areto guztian eta bakoitzak bere aparailuaren frekuentzi berean eta bolumen berdinean entzuten du. Mikrofono bat dauka gainera, soinu giroa entzuteko, aretoko barre edo txaloak esate baterak
Hobekuntza gehiago ere egin dituzte elkarte modura. Mikrofono txiki batzuk erosi dituzte. “Ekipo batzuk areto honetan inoiz monologoak, hitzaldiak edo enpresa bilera bat dagoenean zerbitzu hori emateko”. Mikrofono tinkoak, mahai ganean jartzeko, eta pare bat haririk gabekoak aretoan jezarrita daugoen bateran batek parte hartu nahi izanez gero erabiltzeko.