
Lekeitioko merkatu plaza eraberritua. Argazkia:Lekeitioko Udala
Merkatuaren eraberritzearen ondoren berau berpizteko dinamizazio lana indartuko du udalak. Merkatu plaza berregituratzeko eta modernizatzeko lanak amaitu berri dituzte, eta gaur bertan zabalduko dute eraikina.
Eraikuntza eraberritzeko 31.000 euro behar izan ditu udalak, eta Eusko Jaurlaritzako merkataritza sailetik 15.797,93 euroko diru laguntza jaso dute.
Interbentzioak eraikinaren aurrekaldean eragin dute batez erei: eraikina margotu eta merkatu plazako sarrerak garbitu dituzte, kristalezko atea jarri dute goiko sarreran eta leihoetako burdin hesiak eta edukiontzi batzuk kendu dira ikusgaitasuna irabaziz kanpoaldetik.
Eraikinaren erakargarritasuna bilatze aldera berriz, seinalizazio berria jarri dute eta baserritarren muralak egin dituzte kanpoaldean. Informazio erakusleihoak ere izango ditu merkatu plaza eraberrituak sarrera bakoitzean. Horietan, plaza merkatuaren inguruko informazio orokorra, merkatari zein azokarien oharrak zein antolatutako ekintza ezberdinen informazioa egongo da.
Barrualdean berriz, argiztapen berria eta gastronomiarekin zerikusia duten mural ezberdinak egin dituzte. Guzti horretaz gain, kanpoaldean, ekoizle eta merkatarientzat karga eta deskarga gune berria egokitu dute.
“Udal honek, garapen ekonomikoko gune garrantzitsutzat dauka merkatu plaza, komunitatean eta herri honen garapen sozial eta ekonomikoan zuzenean eragiten duelako. Hazkundea ulertzeko beste erarik badagoela sinisten dugulako jarri dugu martxan eraberritze programa hau”, azaldu dute.
Herritarren topalekua
Udalaren beste erronka bat merkatu plaza herritarren topaleku bihurtzea izan da. Udalak, merkatuaren goiko solairua erabilera anitzeko gune bihurtzea erabaki du, herritarrek duten aterpe beharrizanari erantzun nahian.
Gaurtik aurrera, herritar ororentzat zabalik egongo da plaza merkatuko goiko solairua, goizeko 9:00etatik 21:00etara. Gunea babestuago eta seguruago izateko, goiko solairuan kristalezko ate berria jarri dute eta apurtutako leihoak aldatu dira. Gunea margotu eta segurtasun neurriak ere ezarri dituzte.
Zentzu berean, Plaza Merkatuaren jaia antolatuko da otsailaren 21ean, plaza merkatuaren aro berri bati hasiera ematea helburu dueña.