
Gure Esku Dagoren erronka berriaren aurkezpena Lekeition. Argazkia: Koldo Leniz
“Bateren batek uste bazuen iazko ekainaren 8an, Durango eta Iruñea elkartu zituen giza kateagaz Gure Esku Dagoren ibilaldia amaitu zela, oker dago”, esan dute Lekeitioko Gure Esku Dagoko kideek. Hasiera batean espero zuten baino erantzun handiagoa lortu zuten orduan, “baina ekimena ez zela arrakastaren arrakastagaz hil eta kito”. Aurtengo erronka,
Erabakia ehuntzen, oraindik asmo handiagokoa dela azpimarratu du Gure Esku Dagok.
Erronka berri horren aurkezpena atzo egin zuten Lekeition, eta herriko kirol eta kultur taldeez gain, hainbat herritar, gazte eta nagusi, gizon eta emakume, batu ziren Ikusgarri aretoan. Goio Urkiaga eta Alazne Ikazuragagoitia hizlariek aditzera eman zutenez, “inor ez dago soberan, eta denen atxekimendua beharko da herri honen erabakitzeko eskubidean benetan sinesten badugu”.
Gure Esku Dagoren izatearen alde garrantzitsuena jarrera bat dela azaldu zuten. “Eskozian bezela non burujabetasunaren aldekoak eta aurkakoak gai izan dira elkarregaz lan egiteko eskubide demokratiko bat besterik ez dena burutzeko”.
Hizlariek behin eta berriro azpimarratu zuten desberdinen arteko elkarlanean sakondu behar dela, eta herri borondatea elkartuz erabakia ehuntzea lortuko dela. Horretarako, ekainaren 20an herrialdetako hiriburuetan hautetsontzi erraldoiak osatuko dira. “Hautetsontzi horiek herritarren atxekimendu pertsonalak elkarri josiz egingo dira, horretarako oihal zatiak erabiliko dira. Herritar bakoitzak bere oihal zatia beste herritar guztienekin josiko du”, azaldu zuten.

Musika egon zen Gure Esku Dagoren erronka berriaren aurkezpenean. Argazkia: Koldo Leniz
Gure Esku Dagok jakitera eman duenez, iaz esku eratuak izan ziren modura, oihal zatitxoak izango dira, beraz, aurten elkarlanerako borondatearen sinboloa. “Oinarrizko lana, desberdinen arteko konfiantza eremuak sortzea da, bakoitzaren ideiak josiz eta topaleku bilakatuz”, esan zuten.
Azalpenez gain, ospakizuna ere izan zen atzokoa. Beraz, musika eta dantza ikustaldiak ere egon ziren Ikusgarrin, eta amaieran, gainera, mokadua hartzeko aukera.
Asteburuero, Eskolapeko kioskoan jostunak, hau da, informazioa eman eta nahi duten guztien atxekimendua jasoko dutenak egongo direla jakitera eman zuten Lekeitioko Gure Esku dagokoek. “Erabakitzeko eskubidean sinesten duten herritarren zerbitzura”.