Bilduk herriko kale izenak «irizpiderik gabe» aldatu nahi dituela salatu du EAJk
Jeltzaleen ustez, frankismo garaian jarritako izen guztiek ez dute zertan frankismoarekin zerikusirik izan behar. Izenak memoria historikoaren legearekin nahasteak ez duela zentzurik dioteMutrikuko EAJk jakinarazi duenez, Bilduk herriko hainbat kaleen ...
Jeltzaleen ustez, frankismo garaian jarritako izen guztiek ez dute zertan frankismoarekin zerikusirik izan behar. Izenak memoria historikoaren legearekin nahasteak ez duela zentzurik diote
Mutrikuko EAJk jakinarazi duenez, Bilduk herriko hainbat kaleen izenak aldatzea onartu nahi du otsaileko osoko bilkuran, «beste taldeen iritzi eta proposamenak aintzat hartu gabe eta akordiorik lortzeko inolako ahaleginik egin gabe».Oroimen Historikoaren Legea aitzakia hartuta, Bilduk kale izendegia «inolako irizpiderik gabe eta gauzak nahastuz» aldatu nahi duela salatu dute. «Bilduk Oroimen Historikoaren legea oinarri harturik, eta herriko kale batzuk frankisten izenak dituztela argudiatuta, horien izenak aldatzeko asmoa azaldu zuen 2013ko uda aldean ospatutako euskara batzordean. Proposamen haren aurrean talde jeltzalea eztabaidarako eta adostasunak lortzeko prest zegoela jakinarazi genion udal gobernuari», adierazi du Jose Angel Lizardi zinegotzi eta alkatetzarako hautagaiak.
Frankismo garaiko kale izenak banan-banan aztertu eta beharrezko aldaketak egitearen aldekoak direla nabarmendu dute, «baina garbi utzita garai hartan jarritako izenak izateagatik ez dutela zertan frankismoarekin zerikusirik izan behar».
Errotutako toponimiak
2013an Bilduk kale izen berriei buruzko proposamen zehatzik aurkeztu ez zuenez, jeltzaleek aldatu nahi ziren kale izenak herritarren artean errotuak geratu diren izen toponimikoez ordezkatzea proposatu zuten, «EAJren iritziz aukera egokiena zelako».
«Guk egindako proposamenak oposizioko beste taldearen onespena izan zuen berehalakoan. Bilduko udal gobernuak berriz, beste behin ere, ez zuen gure proposamena aintzat hartu, eta kaleei izena aldatzeko asmoa lozorroan utzi zuen. Urte eta erdi beranduago, ordea, gai bera gobernazio batzordean aterako dute, eta hasiera batean aldatu nahi zituzten kaleen zerrendara gustuko ez dituzten beste bi kaleren izenak gehitu dituzte», gehitu du Lizardik.
Era berean, erabakia eztabaidatzeko aukerarik ez dutela izan ere kexu dira. «Beraiek asmatutako eta herriarekin inolako loturarik ez duten izenak aurkeztu dituzte».
Jeltzaleen esanetan, zerrendara gehitu diren bi kaleen izenak Txurruka Plaza eta Konde Kalea dira. «1909ko uztailaren 23an aldatu ziren kale izen horiek azkenengoz. Evaristo Txurrukari herriko portu berria egin izanagatik eskaini zitzaion esker on adierazpen gisa, eta itsasgizon ospetsua izateagatik Cosme Damian Txurrukari. Hau guztia memoria historikoaren legearekin nahasteak ez dauka ez hanka ez bururik. Herriko historiak ez al du garrantziarik udal gobernuarentzat, edota bakoitzaren nahiera moldatu behar al dugu?».
Bilduri beste udal taldeek aurkeztutako proposamenak aztertzeko eta «behingoagatik» kontutan hartzeko eskatu nahi dio Mutrikuko EAJk, «behin betiko erabakia hartu aurretik, guztiz zentzuzko proposamenak direlako».
Era berean, herritarrengan sortu ditzaketen «nahasmen zein eragozpenen inguruan» hausnarketa egiteko eskatu diote udal taldeari.