Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu kargua zin egin du Toñak
Iñigo Urkullu lehendakariaren aurrean, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu kargua zin egin zuen Angel Toña Guenaga ondarrutarrak atzo goizean.Ajuria Enean egindako ekitaldian Eusko Jaurlaritzako sailburu guztiek parte hartu zuten. Han egon zire...
Ajuria Enean egindako ekitaldian Eusko Jaurlaritzako sailburu guztiek parte hartu zuten. Han egon ziren Josu Erkoreka, Arantxa Tapia, Rikardo Gatzagaetxebarria ondarrutarra, Cristina Uriarte, Estefania Beltran de Heredia, Jon Darpon, Ana Oregi eta Juan Maria Aburto, orain arte Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua izan dena.
Lehendakariak sailburu berria izendatzeko dekretua irakurri ostean, Toñak kargua zin egin zuen, lehendakaria buru zela, Eusko Legebiltzarreko presidentearen eta Mahaiko kideen, Eusko Jaurlaritzako sailburuen eta orain arte sailburu izan den Juan Maria Aburtoren aurrean.
Estatutuaren aurrean
Ekitaldia Gernikako Estatutuaren aurrean egin zen, eta Angel Toñak ondorengo berbekin hartu zuen kargua: «Hartzen dudan agintea Euskadiren zerbitzuan eta legearen arabera zintzo eta leialki erabiliko dudala hitz ematen dut». Kargua zin egin ostean, Urkulluri eskua eman zion, eta Aburtori besarkada handi bat.
Sailburu berriari «hartutako konpromisoa, prestutasuna eta borondatea» eskertu nahi izan zizkion Urkulluk. Angel Toñak, berriz, lehendakariari beregan jarri duen konfiantza eskertu zion. Bere eginkizuna «ardura handiz» hartu duela adierazi zuen, eta «herritarren beharrei erantzuteko» bere esku dagoen guztia egiteko konpromisoa duela.
Ekitaldia amaitu ostean, bilera egin zuten Lehendakaritzan.