Txirrimorraski, XAT eta Karkabia, Lea-Artibaiko aisialdi taldeetako kideak Zarauzko jaialdirako gonbitea egiten.
Amarauna sareak, Euskal Herriko aisialdi taldeen arteko sareak, Jolasaz hezi kalea bizi jaialdia antolatu du otsailaren 21ean Zarautzen. Bertan egongo dira besteak beste, momentuz, sarearen parte diren eskualdeko hiru taldeak: Lekeitioko Karkabia, Markina-Xemeingo XAT eta Ondarroako Txirrimorraski. Jaialdiaren bidez Amarauna sarea ezagutzera eman eta proiektua zabaldu nahi dute aisialdi taldeek.
Hezkuntza lau hormen artean ematen den hori baino gehiago dela sinesten dute. Balore eta jarrerak kalean ere sortzen eta lantzen direla ikusten dute eta horretan dihardute. «Aisialdiaren mundua ez da bakarrik denborapasa; hezkuntzaren barruan ere badauka bere pisua», azaldu dute eskualdeko aisialdi taldeetako kideek. Eta horren garrantzia azpimarratzeko espazioa bat izango da jaialdia, hezkuntza ez formalari dagokion garrantzia emateko gunea.
Bestalde, orain arte egin izan dituzten formazio saio eta hezitzaile topaketatik kanpo, giro ezberdinean, talde eta elkarteen arteko harremana sustatzeko aukera izango dute aisialdi taldeko kideek Zarauzko jaialdian. «Gune informal batean, jai giroan».
Jaialdia baina, ez da bakarrik Amarauna sareko aisialdi taldeentzako. «Amarauna osatzen duen familia osoarentzako jaia izango da: hezitzaile, ume, guraso zein gazteentzako».
Aisialdian eta hezkuntza formalean diharduten Euskal Herriko aisialdi taldeetako edo eragileetako kideak gonbidatu dituzte jaialdira. Eta zelan ez, aisialdi ekimenen protagonistak diren haur eta gazteak ezinbestean jaialdian parte hartzea nahi dute.
Adin guztiei begirako jaia izango da beraz, Amaraunako talde guztien arteko auzolanean antolatu dutena. «Aisialdi munduan dabiltzan bertsolariek edo musikariek hartuko dute parte», zehaztu dute. Horretaz gainera, Amaraunako aisialdi taldeekin batera sarri askotan aritu diren hainbat lagun ere egongo dira jaian, Irrien Lagunak esate baterako.
Lea-Artibaitik ere Zarautzeko jaialdira joateko gonbitea egin dute eskualdeko taldeek. Ondarroako Txirrimorraskik autobusa antolatu du jaira joan nahi duten ume, guraso edo herritarrentzako. Zurrumurru dendan egongo da, otsailaren 17ra arte, autobus zein bazkarirako txartela lortzeko aukera.
Lekeition, berriz, Gaztegunean egongo dela izena emateko aukera aurreratu dute Karkabiakoek.
Amarauna
Modu natural baten hasi zen martxan Amarauna. Aisialdi talde ezberdinak harremanetan hasi zirenean. Gero, sareari forma emateko asmoz, proiektuaren inguruko hausnarketa egin zuten, asanblada ezberdinen bitartez. «Aisialdi taldeok harremanetan ipini, elkarrengandik ikasi, bakoitzaren esperientziak elkartrukatu eta elkar ezagutzeko espazio bat da», azaltzen dute eskualdeko hiru taldeek.
Euskara eta euskal kultura eta balioen hezkuntza dituzte ardatz. «Naturagaz harremanetan eta errespetuan bizi, parekidetasunean bizi, edo pertsona kritikoak sortzea dugu helburu. Horrelako ezaugarriak dituen aisialdia defendatzen dugu», diote.
XAT-ekoak aspalditik dira Amaraunaren parte. Sortze prozesuan egon ziren, eta urte batzuk aldenduta eman ondoren, berriz ere sarea forma hartzen hasi zenean egin zuten bat Amaraunagaz.
Urtxintxaren bitartez izan zuten Amaraunaren berri, berriz, Txirrimorraskikoek, baina aurtengo urtera arte ez dute sartzeko aukerarik eduki. «Aurten begirale berriak sartu dira taldera, herrian bertan daudenak, eta Amaraunan sartzeko momentua dela erabaki dugu», azaldu dute.
Sareak beste elkarteak ezagutu eta eurekin elkarbanatzeko eskaintzen dien aukera baloratzen dute.
«Guk eduki al ditugun arazoak besteek ere izan ditzakete, ez zara bakarra, eta agian zuk bakarrik konponbiderik aurkitu ezin duzun horreri besteen laguntzagaz eman diezaiokezu», diote.
Pare bat hilabete daramaten arren, «gustura» daude Txirrimorraskikoak sarean. Ondarroa eta inguruan egiten zen aisialdia ezagutzen zutela diote, baina, horrelako sare batean sartzeko premia ikusten zuten. «Beste nahi den beste begiralegaz harremanetan egon al gara. Amarauna sarean hainbat lagun gaude, jende ezberdina, talde ezberdinak, eta hori aisialdi taldeentzat aberasgarria da», azpimarratzen dute.
Batzuk handiagoak dira eta beste batzuk txikiagoak, baina talde guztientzako dute lekua sare handi horretan, eta pixkanaka gainera, amarauna handitzen joan nahi dute. Hori dela eta, Euskal Herriko aisialdi talde guztiez gain, Mutriku eta Busturialdekoak sareratzera gonbidatu dituzte, batez ere, Lea-Artibaiko taldeek. Otsailaren 21eko jaialdia horretarako aukera paregabea izango da.
JAIALDIKO EGITARAUA:
Gaztelekua
12:00. Txupinazoa. Gunearen irekitzea eta azalpena eta Irrien Lagunak ikuskizuna.
14:00. Bazkaria (Nagusiak 12 euro, umeak 6 euro).
16:00. Bertso-show eta umeentzako ipuin kontalaria.
17:30. Erromeria.
19:00. Gunearen itxiera.
Egun osoan txoko ezberdinak egongo dira gunean: Jolas gunea, azoka gunea, puzgarrien gunea eta tailerren gunea.
Gaztetxea
19:00. Kalejira musikatua Gaztelekutik.
21:00. Kontzertuak Putzuzulo gaztetxean: Uluka, Pixontxis, Bidelapurrak eta Atxurre.
Ondoren. Karaokea.