‘Padre Tonino’ ontzia sardina deskargatzen
Asteon, baxurako ontzi gehiago ikusten hasi dira Ondarroako portuan. Berdel denboraldia hurreratzen ari den heinean, mugimendua gehitzen hasi da, eta ondorioz, bizitasuna. Kalare Deuna kofradiako kideen arabera, gehienak Kantabriatik etorri dira, batez ere Colindres herritik.
Denetara, 25 bat txalupa izan dira asteon Ondarroako portuan atzera eta aurrera ibili direnak. Datorren astean, beharbada, Gipuzkoako arrantzaleek ere bertan porturatzeko asmoa agertu dute.
Espainiako Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak berdel kanpaina atzeratu eta gero, datorren martzitzenean [otsailak 17] hasiko dute kanpaina baxurako arrantzaleek. “Berdel kanpaina datorren astean irekiko badute ere, gerokoan ikusi egin beharko da bertotik arrainik dabilen edo ez. Arrantzaleek gauza garbirik ez badute ikusten, ziurrenik sardinatan jarraituko dute”, azaldu dute kofradiako kideek.
‘Padre Tonino’ sardina deskargatzen
Asteari dagokionez, eguraldi ona egin du eta arrantzaleek egunero arrantzan irtetzeko aukera izan dute. Batez ere, sardina porturatu dute. Izan ere, kosta guztian arrain gutxi dagoela nabarmendu dute arrantzaleek.
Sardina eta parrotxa arrantzatu dira gehien. Hain zuzen ere, tamaina oso txikiko sardinari deitzen zaio parrotxa. Kiloan 35-40 bat ale izaten ditu; sardinak, osterantzean, kiloan 15-20 ale izaten ditu.
Freskorako saldu den sardina nahikoa garesti saldu da; 1,5 eta 2,5 euro artean. Nahastean etorri den sardina, ostera, prezioz merkeago saldu da; 50 eta 38 zentimo artean. “Tamainuan nahasturik etorri denez, horrek arrainaren prezioa merketu egin du. Gehiena izozteko erabili da”.
Gaur [otsailak 12] ere, nahikoa txalupa porturatu dira. Goizetik hasi eta eguerdira arte, sartu eta sartu ibili dira. Sardina ekarri dute denek, gehiena, parrotxa tamainakoa izan da. Denetara, 3.000 kaxa inguru; 600 kaxa sardina eta 2.334 kaxa parrotxa, hurrenez hurren.
ASTEKO ARRAINA
Otsailak 10, martitzena
- Sardina. 73.000 kilo; 1,33 euro bataz beste.
- Boba. 6.000 kilo; 0,69 euro bataz beste.
- Txitxarro zuria. 1.700 kilo; 3,14 euro bataz beste.
Otsailak 11, eguaztena
- Sardina. 99.000 kilo; 0,82 euro bataz beste.