Asteburuko futbol partidak bertan behera utzi dituzte
Oinarriko Futbolaren interesen defentsan, Bizkaiko, Gipuzkoako, Arabako eta Euskadiko Futbol Federakundeek bat egin dute Espainiako hainbat federakundek egindako grebagaz, eta, hori dela eta, astebururako antolatuta zeuden partidak bertan behera uztea erabaki dute. Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko futbol taldeek, beraz, ez dute partidarik izango asteburu honetan. Eskola Kirolekoentzako, berriz, ohiko jardunaldia izango da.
Euskal Herriko Federakundeek jakinarazi dutenez, Espainiako Enplegu Ministerioak lan kontratua edukitzera behartu nahi ditu futbol taldeetako jarduerarekin lotura duten pertsonak; hala nola, entrenatzaileak, begiraleak, jokalariak eta kolaboratzaileak. Horren arabera, gainera, gizarte segurantzan ere kotizatu egin beharko lukete pertsona horiek. Espainiako Gobernuak neurri hori ezarriko balu, hainbat eta hainbat futbol taldek aurrera egiteko zailtasun ugari izango lituzketela uste dute bertoko futbol federakundeek; batzuk «desagertu» egingo liratekeelarik.
Berezko erregulazioa. Hori horrela, elkarrizketarako aukera eduki nahi dute. Era berean, afizionatuentzako berezko erregulazio espezifikoa garatzea eskatu diote Espainiako Gobernuari; hori egin ezean, futbol taldeak gidatzeko pertsonak falta izango direla argudiatuta. Izan ere, «zuzendari eta Zuzendaritza Batzordeetako batzuek ez dute gizarte segurantzako eta ogasuneko arau hausteak egiteagatik eduki lituzketen arazo pertsonalak beregain hartu nahiko». Eta horrek oinarri futbolean laguntzen duten boluntario eta zuzendaritzakoen murrizketa ekarriko lukeela uste dute bertoko federazioek.
Bestalde, txapelketa profesionaletako ikus-entzunezko eskubideetako komertzializazio banaketagaz ere desados agertu dira, eta baita «kinieletatik eratorritako diru banaketagaz eta futbol profesional eta afizionatuaren artean egiten duten bereizketagaz ere».
Desadostasun hori erakusteko utzi dituzte bertan behera Futbol 11ko eta Areto Futboleko asteburuko partiduak; hain zuzen, hirugarren mailakoak, herrialde mailakoak, gazteenak eta kadeteenak.