XIV. Zuhaitz eta Landare azokak hamalau mintegi batuko ditu zapatuan
10:00etatik 14:00ak arte egongo da loreak, bonsaiak eta landareak ikusi eta erosteko aukera. Baserriko produktuen saltokiak ere egongo dira aukeran Zelaiaren goiko parteko plazabarripeanZuhaitz eta zuhaizkak landatzeko garaia ailegatu da, eta, beraz, z...
10:00etatik 14:00ak arte egongo da loreak, bonsaiak eta landareak ikusi eta erosteko aukera. Baserriko produktuen saltokiak ere egongo dira aukeran Zelaiaren goiko parteko plazabarripean
Zuhaitz eta zuhaizkak landatzeko garaia ailegatu da, eta, beraz, zapatuan Markina-Xemeinen egingo den Zuhaitz, Landara eta Baserri Tresnerien azoka aukera aparta izango da zuhaizka, hazi eta landareak eskuratu nahi dituztenentzat. Aurten hamalau mintegi izango dituzte erosleek eskura, gehienak Bizkaikoak.Horrela, 10:00etatik 14:00etara, Zelaiaren goiko partean dagoen plazabarripean, Bizkaiko bederatzi mintegi eta Gipuzkoa eta Nafarroatik etorriko diren beste bost aurkituko dituzte. Aurreko urteetan legez, Zaldibarko Areitio eta Belar mintegiek, Muruetako Murueta lorategiak, Gatikako Etxebarria mintegiak, Meñakako Etxe Lore mintegiak eta Igorreko Artadik ez diote otsailaren bigarren zapatuko hitzorduari hutsik egingo.
Zuhaitz eta landareez gain, Lea-Artibai eskualdeko baserriko produktuak erosteko aukera ere ematen du azokak. Zortzi izango dira aurten, nekazaritza atalean, Markina-Xemeinen egongo diren ekoizleak, gehienak, herrikoak bertakoak.
Horrela, herriko ekoizleen ardi gazta saltoki bi aurkituko dituzte erosleek: Patxi Baskaranen Santa Mañe eta Igor Txurrukaren Barroeta Gazta, biak Idiazabal zigilua daramatenak eta biak sari handiak lortutakoak.
Bestalde, ahuntz gaztadun ekoizle bat ere egongo da: Mendatatik etorritako Erreketa.
Berriatuko Labegur eta Mallabiko Mañekok eskainiko dituzte, urtero legez, ogiak eta gozoak. Horretaz gainera, Markina-Xemeingo Maider Ostolazaren eztia, Mutrikuko Ondareren mermelada eta barazki kontserbak, eta Mungiako Eskuolaren ahatekiak erosteko aukera egongo da.
Ekozain ekologia taldearen eskutik egongo da taloak eta eskualdeko sagardo zein txakolina dastatzeko aukera. Zapatuan ere, plazabarripearen eskumako ertzean jarriko dituzte taberna eta tailerra egiteko txokoa. Izan ere, beste urte batez, taloa egiten ikasteko eskolak emango dituzte, batez ere ume eta gaztetxoei zuzenduta.
Beherapenen azoka
Lea-Artibaiko Landa Garapen Elkarteak eta Markina-Xemeingo Udalak antolatzen duen Zuhaitz, Landare eta Baserri Tresnerien azokagaz gain, Hemen be bai Markina-Xemeingo merkatari elkarteak urtero antolatzen duen beherapen azokatxoa ere zapatuan izango da.
Frontoi txikiko aterpean jarriko dituzte saltokiak, eta beherapenez gain, musika, txosna eta giro alaia egongo direla aurreratu dute herriko merkatari eta ostalariek.