Sinbiosi eta kaosari dantza
Gernika-Lumoko Lizeo Antzokian izango da Ziomara Hormaetxe gernikarra bihar. 'Symbiosis' amaitu gabeko pieza laburra eta 'K-otica in progress II' lana taularatuko ditu.Bi obra ekarriko ditu Ziomara Hormaetxe gernikarrak bihar, Lizeo Antzokira. K-otica ...
Gernika-Lumoko Lizeo Antzokian izango da Ziomara Hormaetxe gernikarra bihar. ‘Symbiosis’ amaitu gabeko pieza laburra eta ‘K-otica in progress II’ lana taularatuko ditu.
Bi obra ekarriko ditu Ziomara Hormaetxe gernikarrak bihar, Lizeo Antzokira. K-otica in progress lanari jarraipena emanez, K-otica in progress II estreinatuko du bihar, Gernika-Lumon. Kaosaren teorian inspirazioa hartuta sortu du Hormaetxek lan horren bigarren zatia. «Egonkortasunari buruz, ezegonkorra denari buruz eta kaosari buruz hitz egiten du nire obrak», azaldu du Hormaetxek. Pertsonek bizitzaren uneren batean edo bestean bizi duten estadioak dira. Bizitzan gertatuko diren gauza gehienak aldez aurretik jakiterik ez dago, eta gizakiok hori onartu eta egoera horretara, kaos horretara, egokitu egin behar dira.Piezak sortzeko inspirazioa bezain garrantzitsua da, Hormaetxerentzat, sorkuntza artistiko horren sorlekua. K-otica in progress II lana garatzeko, Gernika-Lumoko Astra, Bilboko Muelle 3 eta Gernika-Lumoko Lizeo Antzokia erabili izan ditu gernikarrak. Lanaren emaitza bihar ikusi ahal izango da, lehenengoz, Gernika-Lumoko Lizeo Antzokian. Horretarako, Haatik konpainiako Aiert Beobide dantzariaren laguntza edukiko du Hormaetxek.
Sinbiosia
Ez da, baina, biharko saioan publikoaren aurrean erakutsiko duen pieza bakarra. Symbiosis izeneko lanaren pieza labur bat ere ekarriko du Hormaetxek Lizeo Antzokira. «Lan berria da, 2014-2015ean sortutakoa, eta, amaitu barik dagoen arren, lan horren pieza labur itxia da Gernika-Lumon erakutsiko duguna». Lana bera, amaituta, urria-azaroan aurkeztuko dutela azaldu du gernikarrak. «Lantzen ari garen obra da, work in progress bat».
Symbiosis lana giza harremanekin lotzen du artistak, huts-hutsean biologikoa eta zientifikoa den kontzeptua. «Oinarrian, batak zein besteak bizirauteko eta bizi-garapenarekin gozatzeko duten elkarren beharra azaltzen du». Menpekotasun afektibo, emozional eta fisikoei buruz hitz egiten du lanak, horrek dituen ondorio guztiekin. «Dena den, premia horri erantzunak bilatzen saiatzen da».
Bere lanak, han eta hemen
Robert Jackson dantzari australiara du bidelagun Hormaetxek Symbiosis lanaren antzezpenean. Dantza berri hori burutzeko sorlekuak, gainera, anitzak eta ugariak izan dira: Gernika-Lumoko Astra, Bilboko Muelle 3, Fundizioa, Gernikako Lizeo Antzokia eta Amsterdamgo (Holanda) Dans Makers.
Horien guztien laguntza eskertu du Ziomara Hormaetxek; baita Eusko Jaurlaritzaren programa ezberdinen bitartez jaso izan dituen laguntzak ere. Orain, bere lanaren emaitzak sorterrian, Euskal Herrian eta nazioartean erakusteko aukera izango du artista gernikarrak.
Bira bat du prest, Gernika-Lumon hasiko dena, eta hurrengo hilabeteetan, hainbat herrialdetara zabalduko duena. Kontadores aretoan (Donostia) izango da martxoan, Bartzelonak Nun Off jaialdian izango da maiatzean, Mexikora bidaiatuko da uztailean, eta Euskal Herriko Antzokien Sarean dauden hainbat salatan ere izango da: Zornotzan, Durangon, Basaurin, Sopelan eta Hondarribian, kasurako.
Azaroa-abendua partean, Holandara joango da Hormaetxe, eta Amsterdamgo Dans Makers-en izango da, Symbiosis lana erakusten. Ordurako, gainera, koreografia osoa landuta eta amaituta izango du.
Feedback-a
Hormaetxek argi du bere lanak sortzeko inspirazioa zein den, dantza bat edo beste sortzera zerk bultzatzen duen. Hala ere, garrantzizkoa da gernikarrarentzat ikusleari bere koreografia batek edo bestek sorrarazi diona ezagutzea. «Publikoagaz feedback-a izatea garrantzitsua da niretzat. Euskal Herrian ez da ohikoa, baina bada hemendik kanpo. Horregatik, saioa amaituta, ikusleekin solasaldi antzeko bat egiteko asmoa dut Gernika-Lumon». Artista eta ikusleen artean bizipenak eta inpresioak partekatzea da asmoa, «bien arteko hesiak apurtzea», eta publikoarengana hurbiltzeko ariketa bat izan daiteke.
Gernika-Lumoko Lizeo Antzokian bihar emango duen saioa 20:30ean hasiko da.