Ondarroako Udal Ingurumen Batzordeak basoen historiari buruzko komikia kaleratu du
Herriko gaztetxoei ingurumenari buruzko gaiak «era erraz batean eta didaktikoan» azaltze aldera, Ondarroako Udal Ingurumen Batzordeak Ondarroako basoen historia komikia argitaratu du.
Aurretik uraren ibilbideari buruzko komikia kaleratu zuen udalak, eta komiki hari jarraipena emango dio azkenak ere. «Aurreko komikia jendeari asko gustatu zitzaion, eta esperientzia errepikatzea erabaki dugu. Aurreko komikia, esate baterako, Agenda 21eko gai modura erabili zuten ikastetxeek. Ingurumen Batzordean horrek denak kontutan hartuta, balorazio ona egin zuen, eta komikia berriro kaleratzea erabaki dugu», azaldu du Ibai Muñiz Ingurumen Batzordeko kideak.
Aurrekoan egin modura, herriko hiru ikastetxeetan banatuko da materiala. Datozen egunotan 1.500 ale banatuko dira;horietako batzuk udal liburutegian ere utziz. Horrez gain, Kaiet Bengoetxeak marraztutako komikia udal webgunean ikusteko aukera ere egongo da.
Orain bi urte Nahia Gartzia ikerlari ondarrutarrak basogintzari buruzko hitzaldi bat eman zuen, eta komikiaren muina bertan oinarrituta dagoela nabarmendu dute Ingurumen Batzordeko kideek. «Nahia Gartziaren laguntzaz gain, Ondarroako Historia Zaleen laguntza ere eduki dugu. Komikia egiteko Nahiak emandako informazioa sakon aztertu dugu. Horrez gain, Ondarroa baserri giroan eta antzeko liburuak ere lagungarri egin zaizkigu».
16 orrialdetan zehar, eta Kai kaioa protagonista nagusi duela, inguruko basoen historia eta gaur egun bertan zer aurkitu daitekeen azaltzen du komikiak.
Mezu argia du komikiak; basoak zaindu, babestu eta bertoko espeziei balioa eman behar zaiela, alegia. Gurasoei zein ikasleei begirako komikia dela azpimarratu dute Ingurumen Batzordeko kideek.
Bengoetxeak sortutako irudien bidez, ikasleek inguruotako basoen historia era «errazago» batean barneratu ahal izango dute. «Edukia ahalik eta hobetoen ulertzeko laburbiltzen saiatu gara. Azken finean, komikia baino lantzeko material bat dela esan daiteke. Ez da berez barre egiteko komiki bat, eduki hezitzailea duen material bat egiten saiatu gara», azaldu du Kaiet Bengoetxea marrazkilariak.
Argibide errazen bidez inguruotako arbolak idenfikatzeko lagungarri izango da komikia. Besteak beste, artak, hurritzak, sahats ilunak, haritzak edo pagoak zelako itxura duten, edota inguruotan non aurki daitezkeen erakusten da. Horretarako zuhaitzen hostoak eta horiek ematen dituzten fruituak irudikatu dituzte.