Odol emaile bikainei omen
Bizkaiko odol emaile bikainei omenaldia egin zieten joan den astean, Barakaldon. Busturialdeko eta Lea-Artibaiko herritarrak ere izan ziren omenduen artean.Zure odolaren jarioa bizi-iturria izan da askorentzat. Testu hori irakur daiteke joan den astean...
Bizkaiko odol emaile bikainei omenaldia egin zieten joan den astean, Barakaldon. Busturialdeko eta Lea-Artibaiko herritarrak ere izan ziren omenduen artean.
Zure odolaren jarioa bizi-iturria izan da askorentzat. Testu hori irakur daiteke joan den astean eguenean egin zuten omenaldian banatu zituzten artelanetan. Bizkaiko odol emaile bikainek hartu zuten oroigarria; 432 pertsonak, guztira. Hain zuzen, Jesus Lizaso artistak eta Jon Arretxe idazleak elkarrekin sortutako artelana jaso zuten Barakaldo Antzokian batu zirenek. Odola 60-75 aldiz emateagatik omendu dituzte: odol emaile bikainak dira.Busturialdeko eta Lea-Artibaiko 35 lagun ere omendu zituzten: Gernika-Lumokoak (14), Eakoak (1), Busturikoak (2), Gautegiz Arteagakoak (1), Muxikakoak (2), Bermeokoak (3), Munitibarkoak (1), Ziortza Bolibarkoak (1), Ispasterkoak (1), Lekeitiokoak (1), Markina-Xemeingoak (7) eta Ondarroakoak (1).
Ekitaldi xumea
Barakaldo Antzokian egin zuten omenaldia, eta 700 lagun baino gehiago batu zirela jakinarazi dute. «Gernikaldeko omendu guztiak ere han izan ziren, familiako kide eta guzti», Busturialdeko odol emaileen taldeetako arduradunek azaldu dutenez. Aurten omendu dituztenen artean, gainera, Bermeoko taldeko arduraduna ere izan dela zehaztu dute.
Diplomak eta Jesus Lizasok eta Jon Arretxek egindako artelanak banatzeaz gain, ekitaldi xume bat ere egin zuten, eguenean. Besteak beste, Arkaitz Estiballes galdakoztarrak bertsotan egin zuen, eta Rafa Rueda kantariak abestu egin zuen.
Horrez gain, ikuskizunak eta ikusentzunezkoak dokumentalak ere izan ziren Barakaldo Antzokian.