Eskolako jolastokia estaliko du aurten Etxebarriko Udalak
1,2 miloi euroko aurrekontua onartu dute eta 383 mila euro izango dituzte inbertsioetarako. Uholdeak saihesteko proiektua ere martxan daukateEtxebarriko Udalak 1,2 miloi euroko aurrekontua onartu du 2015 urterako. Iaz baino 100 mila euro gehiago izango...
1,2 miloi euroko aurrekontua onartu dute eta 383 mila euro izango dituzte inbertsioetarako. Uholdeak saihesteko proiektua ere martxan daukate
Etxebarriko Udalak 1,2 miloi euroko aurrekontua onartu du 2015 urterako. Iaz baino 100 mila euro gehiago izango dituzte aurten, eta betiko modura, inbertsioen atalera bideratuko da zati handienetako bat. 383.109 euro izango dituzte aurten inbertsioetarako.Uraren Euskal Agentziagaz hitzartu duten uholdeak ekiditzeko proiektua eta eskolako jolastokia estaltzeko obrak izango dira udalaren aurtengo egitasmo garrantzitsuenak. Uholdeak eragozteko lanak bi bloketan bereizi dituzte, eta aurtengo urtean lehenengo fasea eramango dute aurrera. Elgoibarrera bidean dagoen zubia botako dute, eta ahalmen hidrauliko handiagoa duen bat jarriko dute haren ordez. Gutxi gora behera, lehenengo faseak 280 mila euroko kostua izango duela jakitera eman du Jesus Iriondo alkateak.
Bestalde, eskolako jolastokia estaltzeko 72.000 euroko partida bat daukate. «Proiektua egiten gabiltza, eta hurrengo osoko bilkuran baldintzak onartu eta lanak eman nahi ditugu». Lan horiek aurrera eramateko, gainera, Erein programatik 23.000 euroko diru laguntza jasoko dutela aurreratu dute.
Aurrekontuetako beste partida bat edukiontzi berriak eta auzo konpostaguneak jartzera bideratuko dute. «Iru Bideko zubiaren ondoan jarriko da konposta egiteko etxola bat», azaldu du alkateak. 19.000 euro gorde dituzte horretarako.
Bosgarren edukiontziak ere jarriko dituztela zehaztu du alkateak. «Baina horretarako Bizkaiko Foru Aldundiak %100eko laguntza ematen du».
Planeamendu Orokorra
Inbertsioen ataleko beste partida garrantzitsu bat Planeamendu Orokorra egitera bideratuko dute. 18.900 euro erabiliko dituzte plangintza berriari hasiera ematen hasteko. Orain arteko planeamendua aztertzen ibili da udal taldea azken legegintzaldian; orain, Planeamendu Orokorra egiteko taldea osatu nahi dute. «Hurrengo legegintzaldian herriko Planeamendu Orokorra egiteko asmoa daukagu», aurreratu du Iriondok.
Gazte lokala egokitzeko eta jaietako mahai eta aulkiak erosteko dirua ere egongo da aurten. 4.000 euroko partida gorde dute gazte lokala egokitzeko; berogailu berria eta altzariak beharko dituela ikusi du udalak. Bestalde, 3.000 euro aurreikusi dituzte jaietan erabili ahal izateko mahai eta aulki gehiago erosteko.
4.000 euro erabiliko dituzte bai eta eskolan zaintza kontrol sistema jartzeko ere. «Apurketa batzuk egon dira, eta alarma eta kamarak jarriko ditugu, itxita dagoenean segurtasuna bermatu ahal izateko».
Aurten ere, indartu egin du udalak gizarte zerbitzuetara bideratzen duten partida. «Etxez etxeko zerbitzua behar bezala ematea nahi dugu, eta haurreskolara doazenei diru laguntza ematen eta irisgarritasuna hobetzen jarraituko dugu», azpimarratu du alkateak.
Gizarte zerbitzuko kopuruaz gain, jaietakoak ere izan du gorakada. «Antolatzaileak justu ibiltzen ziren eta partida gehitzea erabaki dugu», azaldu du.