
Joseba Palenzuela, Unai Erroitzenea eta German Pozas proiektuarekin eskuetan
Mutrikuko Udalaren eskariz, Mutriku eta Mijoako industrialdea batuko dituen bidegorria egingo du
Gipuzkoako Foru Aldundiak. Joseba Palenzuela Mutrikuko alkatearen iritziz, hainbeste urte eta gero, proiektua gauzatzera doala jakitea «pozgarria» da. «Herritarrak aspalditik daude proiektua egiteko zain, eta berau herrira ailegatu dela jakitea oso pozgarria da».
Mutriku Saturraranekin lotuko duen bidegorria
bi fasetan egingo da. Lehenengo eta behin, Mutriku Mijoa industrialdealdearekin lotuko duen zatia egingo da eta, aurrerago, Mijoa industrialdea Saturraranekin batuko dituena egiteko asmoa dago.
Hala ere, Saturraranera «modu seguruan gurutzatzeko» zebrabidea hurrengo hilabeetan egiteko asmoa agertu dute Foru Aldundiko kideek. «Proiektu osoa aurrerago egingo baldin bada ere, zebrabidea proiektu horretatik atera, eta aurretik egiteko asmoa dugu. Herritarrei aukera bat ireki nahi diegu bidea modu eroso eta seguru batean pasatzeko», azaldu zuen Unai Erroitzenea Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun zuzendariak.
Lehen fasearen lanak
udazkenean hasi eta 2016ko udan amaitzea espero du aldundiak.

Bidegorriaren proiektuaren aurkezpena
Aurrekontuari dagokionez, urteak arinago planteatuta zegoen proeiktua baino ia milioi bat euro garestiagoa izango da. German Pozas Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun departamenduko teknikariak adierazi zuenez, lanak egiteko
2,7 milioi euro inguruko aurrekontua izango dute. Bidegorriaren azpitik auzoko saneanemendua ere egingo da, eta lanen zati hori
URA agentziak ordainduko du. «Hitzarmen bat sinatuko da, eta bi obra horiek bateratu egingo dira».
Neurriei dagokionez,
lau metroko zabalera izango du; oinezkoentzako eta bizikleta erabiltzaileentzako bina metro.
Bestalde, azkenaldian Gipuzkoan egin diren bidegorrien moduko irizpide berberak izango ditu Mutrikukoak ere. Lurzorua asfalto beltzekoa, barandez hornitua eta Led argiez argiztatuta egongo da. Horrez gain, segurtasun neurri guztiak kontutan hartuta, errepidearekiko babestuta egongo da. Pozasek adierazi zuenez, bi babes mota izango ditu. Hasierako bihurgunean, Antzomendi parean, betoia ipiniko dute, eta zuzenguneetan, aldiz, balizez inguratutako zintarriak ipiniko dituzte.

Mutriku-Mijoa bidegorriaren aurkezpena
Bidea
Olatzeko errepidearen bidegurutzean hasi eta Mijoarako norantzan ezkerreko aldean joango da, errepidearen aldamenean. Bidegorriak, orokorrean, errepidea zuzen dagoen tokietan «obra eta mugimendu gutxi» izango dituela nabarmendu zuen Pozasek.
Hala ere, ibilbideak bi puntutan aldaketa nabarmenak izango ditu. Hasierako metroetan, esate baterako, errepideak aldaketak edukiko ditu. Ondarroatik Mutrikurako norantzan Olatzera sartzeko dagoen hirugarren erraila desagertu egingo da. «Errail hori kendu egingo da bidegorria horren gainean egiteko».
Bestalde, San Jeronimoko baselizaren aurrean ere nahikoa aldaketa egin beharko direla azpimarratu zuen Mugikortasun departamenduko teknikariak. «Gaur egungo errepidea apur bat mendirantz desbideratu egin beharko da, bidegorria baseliza eta errepidearen artean sartu ahal izateko». Mendia gehiegi moztu gabe errepidea bertatik pasa ahal izateko, tarte horretan bidegorria estutu egin beharko da. Lau metro ordez, bi izango ditu, «tarte horretan oinezkoek bizikleten aurrean lehentasuna izango dute». Berritasun modura, autobus geraleku bi ere egingo dira San Jeronimoko baselizaren parean; norantza bakoitzean bana.