Sei proba eta Kopa bakarra
Ibarruriko mendi lasterketa gehituta, sei proba izango ditu aurten Urdaibai Kopak; martxoaren 8an izango da lehena, eta irailaren 27an azkena.Hirugarren urtez antolatu du Arrolape Mendi Taldeak Urdaibai Kopa, eta aurten, bigarrenez, Campos Urdaibai Kop...
Ibarruriko mendi lasterketa gehituta, sei proba izango ditu aurten Urdaibai Kopak; martxoaren 8an izango da lehena, eta irailaren 27an azkena.
Hirugarren urtez antolatu du Arrolape Mendi Taldeak Urdaibai Kopa, eta aurten, bigarrenez, Campos Urdaibai Kopa izango da. Gainera, berritasunekin dator Busturialdeko lehiaketa. Ibarruriko (Muxika) mendi lasterketa gehituta, bost proba izan beharrean sei izango dira 2015ean. Hain zuzen, aurten Kopako egutegiari gehitu dioten lasterketa hori izango da lehiatuko duten lehenengoa. Martxoaren 8an izango da, eta parte hartzaileek 23 kilometroko ibilbidea egin beharko dute.Campos Urdaibai Kopako sailkapenean proba denak izango dituzte kontuan. Hala ere, sailkapenean egoteko, Kopako sei lasterketatik lau derrigorrez egin eta amaitu beharko dituzte lasterkariek. Ezinbesteko baldintza da Campos Urdaibai Kopako azken sailkapenean agertzeko.
Izena, on line
Ereñoko mendi lasterketa, Arratzuko Gau Trail-a, Gernika-Lumoko Mendi Jaia, Ariatzatik Ariatzara mendi lasterketa eta Forutik Forura mendi lasterketa izango dira, Ibarrurikoarekin batera, Campos Urdaibai Kopako egutegia osotuko dutenak.
Aurten ere izen emateak on-line egin beharko dituzte parte hartzaileek, Arrolapekoek horretarako beren-beregi diseinatutako programa baten bitartez: «Horrekin, erraztasunak eman nahi dizkiegu bai parte hartzaileei, eta baita antolatzaileei ere», azaldu dute.
Sei proba horiek kirola praktikatzeko gonbidapena dira; baina ez hori bakarrik, «inguruko hainbat txoko ezagutzeko aukera ematen dute, baita jendea ezagutzeko aukera ere».
Emakumeengana hurbildu
Asmoei dagokienez, bi helbururekin antolatu zuten lehenenegoz Urdaibai Kopa: «Batetik, Busturialdean mendi lasterketak ezagutzera eman eta praktikatzeko aukera eman nahi genien herritarrei. Bestetik, gazteak eta, batez ere, emakumezkoak hurbildu bahi ditugu kirol horretara». Diotenez, ez da erraza, baina aurrerapausoak ematen ari dira. Iazko Kopako balorazio ona egin dute, eta egindakoa bermatzea eta sendotzea dute erronka nagusi.