Ura herritarrengana hurbiltzeko jardunaldiak antolatu dituzte
Busturialdeko Ur Partzuergoak antolatuta egingo dituzte, hilaren 21ean. Uraren gaiak ezezagun eta urrunekoa izateari utz diezaion, gizarte eztabaida bultzatu gura duteUraren gaia herritarrengana hurbiltzea, eta, horrekin batera, ur-politikei buruzko ez...
Busturialdeko Ur Partzuergoak antolatuta egingo dituzte, hilaren 21ean. Uraren gaiak ezezagun eta urrunekoa izateari utz diezaion, gizarte eztabaida bultzatu gura dute
Uraren gaia herritarrengana hurbiltzea, eta, horrekin batera, ur-politikei buruzko eztabaida sortzea dute helburu Busturialdeko Ur Partzuergoak zapaturako antolatu dituen jardunaldiek. Ura, XXI. mendeko urre urdina. Zein da bere benetako balioa? Eta prezioa? izenburupean egingo dituzte, eta egun osoko egitaraua prestatu dute, «herritarrek beraien gustura parte hartzeko aukera izan dezaten».Hala, parte hartzeko deia luzatu die ur partzuergoak herritar denei: «Gai horrekin lotura duten ikasketak egiten ari diren ikasleak direla; instituzioetako ordezkariak direla, edo gai horrekiko interesa duten herritarrak direla, parte hartzeko deia egiten diegu», azaldu dute Busturialdeko Ur Partzuergoko ordezkariek.
Adituen ikuspuntua
Ura herritarren ondarea dela diote jardunaldien antolatzaileek, «bizitzeko ezinbesteko duguna». Hori dela eta, uraren gaiak urrunekoa eta ezezaguna izateari utz diezaion da Busturialdeko Ur Partzuergoaren asmoa. «Gaia gizarte eztabaidaren erdigunean jartzea garrantzitsua dela deritzogu». Hain zuzen, horregatik antolatu dituzte asteburuan egingo dituzten jardunaldiak, eta, ariketa horretan, elkarrekin parte hartzeko gonbidapena egin diete herritarrei.
Uraren gaian adituak, irakasleak, erakundeetako ordezkariak, gizarte mugimenduetako kideak… Ikuspuntu eta esperientzia ezberdinak dituzten pertsonek parte hartuko dute zapatuko jardunaldietan. Lizeo Antzokian emango diete hasiera, 09:45ean. Mahainguru zein hitzaldi, Busturialdeko urari buruz EKOPOL ikerketa taldeak aurkeztutako txostena izango dute ardatz goizeko jardunaldiek. Euskal Herriko zein Espainiako unibertsitate mailako adituak, ordezkari instituzionalak eta arduradun politikoak izango dira parte hartzaileak.
Arratsaldean Astran batuko dira. Han, Euskal Herriko, Nafarroako, Kataluniako zein Espainiako gizarte mugimenduetako ordezkariak izango dira, beraien esperientzien berri emateko.