
Markina-Xemeingo ikuspegia. Argazkia: Markina-Xemeingo Udala
Lapurretak ikertzeko ardura izan duen Bizkaiko Lurralde Ikerketa Kriminaleko Zerbitzuko ertzainek jakitera eman dutenez, gaizkile-talde hau oso aktiboa izan da. Bizkaiko lurralde osoan eta Bizkaitik gertu dauden Kantabriako lekuetan aritu dira lapurretan, zehazki: Barakaldon, Trapagararen, Bilbon, Santurtzin, Basaurin, Loiun, Markina-Xemeinen, Amorebietan, Etxebarrin, Asuan, Mungian, Bedian eta Castro Urdialesen.
Iazko abuztuan eta irailean gertatu ziren lapurretak, denetan metodo bera erabiliz. “Gaizkileek aurretik lapurtutako ibilgailuak erabiltzen zituzten enpresen ateak joz barrura sartzeko”, azaldu dute. Enpresetan, besteak beste, dirua eta telefono mugikorrak eskuratzen zituzten.
Egun batzuk beranduago, lapurretetan erabilitako ibilgailuak beste herri batzuetan uzten zituzten. “Gainera, batzuetan, autoa utzi eta beste bat lapurtzeko aprobetxatzen zuten”, zehaztu dute.
Antzeko gertakariengatik delitu-historial luzea duten bi gizon ikertu zituzten indarrez egindako lapurretak argitzeko. Ikerketei esker, ertzainek 37 urteko gizon bat atxilotu zuten, joan den eguaztenean. “Aurretik beste hogeita hamar aldiz atxilotutakoa”. Polizia-izapideak egin ondoren, epailearen esku jarri zuten.
Lapurretetako beste egilea 36 urteko gizon bat da. “Horrek ere aurrekari ugari ditu eta egun espetxean dago beste delitu batzuengatik”.