Ozeanoetako zaborra arte bilakatuta
'Skeleton Sea. Mantendu ozeanoak garbi' aldi baterako erakusketa berria ikusgai dago Euskadiko Biodibertsitate Zentroan, Busturian. Erakusketarekin lotutako tailer bat ere antolatuko dute.Plastikoak, metalak, egurrak, freskagarri latak, arrain ezberdin...
‘Skeleton Sea. Mantendu ozeanoak garbi’ aldi baterako erakusketa berria ikusgai dago Euskadiko Biodibertsitate Zentroan, Busturian. Erakusketarekin lotutako tailer bat ere antolatuko dute.
Plastikoak, metalak, egurrak, freskagarri latak, arrain ezberdinen hezurrak, neopreno zatiak, itsasontziek galdutako buiak… Ozeanoetan aurkitutako zabor mota horiek guztiak erabilita sortu dute Skeleton Sea. Mantendu ozeanoak garbi erakusketa.Luis de Dios, Xandi Kreuzeder eta Joao Parrinharen surflariek sortutako proiektua da, hain zuzen, Euskadiko Biodibertsitate Zentroan ikusgai jarri dutena. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Plangintzarako zuzendari Amaia Barredok azaldu legez, «hiru surflari horiek esfortzuak bateratu zituzten orain dela urte asko, eta ozeanoak garbi mantentzearen aldeko sentsibilizazio lana egiten hasi ziren».
Hiru surflari horiek tamaina handiko figurak egiten dituzte munduko kostaldeetan aurkitzen dituzten objektuekin. Hala, Skeleton Sea proiektuko artistek bigarren bizitza bat ematen diete material horiei. Euren lanaren bitartez, baina, mezu «argi» bat helarazi gura dute: «Gizakia dela gure ozeanoek jasaten duten mehatxurik handiena».
Bigarren aldia
Kolektibo horrek bere lanak Madariaga Dorretxean jartzen dituen bigarren aldia da. 2011. urtean jarri zuten lehenengoz. Orduko hartan, bisitari ugari erakarri zituen erakusketak, eta, parte hartze handia izateaz gain, kritika «onak» ere jaso zituen.
Aldi baterako erakusketa honetan ikus daitezkeen artelanak, baina, berriak dira. Lehenengo edizioa amaitu ondoren egindako piezak direla azaldu dute.
Skeleton Sea proiektuko artistek, gainera, erakusketarekin lotutako tailer bat ere antolatuko dute. Horretan, zaborra erabilita artea zelan sortzen den erakutsiko dute. Hala ere, data oraindik zehaztu barik daukate.
Doan bisita daiteke Madariaga Dorretxeko erakusketa, eta maiatzaren 17ra arte izango da ikusgai.