
Aiako txapelketan parte hartu zuten lau harri-jasotzaileak. Argazkia: Onintza Lete/Urola Kostako HITZA
Euskal Herriko harri txikien txapeldunak ez du hutsik egin, eta Aiako Bizi Iturri sariketako txapela Ondarroara ekarri du. Txapelketa domekan [otsailak 22] jokatu zen jendez betetako Aiako probalekuan.
Denboraldia ondo baino hobeto hasi du Urruzunok, garaipen borobilagaz. Beste behin ere, sasoiko dagoela erakutsi du ondarrutarrak. Gaixorik egonda ere, proba ederra egin zuen. “Gaixorik joan nintzen Aiara. Gripeak jota nago. Atzo gorputzaldi eskasagaz esnatu nintzen, baina eguerdirako hobeto sentitzen nintzenez, proban parte hartzea erabaki nuen”.
Ondarrutarragaz batera beste hiru harrijasotzaile txapela lortzeko lanetan aritu ziren; Lasarte-Oriako Beñat Telleria, Leitzako Josetxu Urrutia eta Zarauzko Iñigo Eizagirre izan zituen aurkari Urruzunok. Zestoako Jagoba Otaegik, ostera, ezin izan zuen proban parte hartu. Hatzamarra apurtu zuen aurreko astean.

Inhar Urruzuno harriagaz beharrean. Argazkia: Onintza Lete/Urola Kostako HITZA
Proban parte hartu zuten lau harri-jasotzaileek
hiru harrigaz aritu ziren beharrean: 125 kiloko edo 10 arroako kopa berriagaz, 100 kiloko edo 8 arroako zilindro zaharragaz eta 75 kiloko edo 6 arroako zilindro zaharragaz. Azken bi harriak Aiako harriak izan ziren, eta nahikoa gustura ibili zen Urruzuno. “Aiako harri zahar horiek baxuagoak ziren, eta ez ziren oso egokiak, baina moldatu nintzen”. Harri bakoitzagaz
hiru minutuko beharra egin behar izan zuen harri-jasotzaile bakoitzak.
Inhar Urruzunok beste hiru harri-jasotzaileek baino jasoaldi gehiago egin zituen. Lehenengo harritik abantailagaz hasi zuen txapelketa, eta, arazoak arazo, azkenera arte besteekiko aldea mantentzea lortu zuen. “Lehenengo bi harriekin nahikoa ondo moldatu nintzen, baina hirugarrena jasotzen ari nintzela, arazoren bat edo beste eduki nituen. Bigarren minutua orduko txalekoaren sokak eten egin ziren, baina geldituz gero denbora galduko nuenez, aurrera jarraitzea erabaki nuen nola edo hala”.

Inhar Urruzuno txapelagaz. Argazkia: Inhar Urruzuno
Denetara 10.000 kilo jaso zituen ondarrutarrak, bigarren sailkatuak baino 1.000 kilo gehiago. 102 jasoaldi egin zituen guztira: 125 kiloko kopa 32 bidar, 100 kiloko zilindro zaharra 30 bidar, eta 75 kiloko zilindro zaharra 40 bidar jaso zituen.
Bigarren Beñat Telleria sailkatu zen. Lasarte-Oriakoak 93 jasoaldi egin zituen; guztira, 9.000 kilo. Hirugarren Josetxo Urrutia izan zen. Nafarrak 91 jasoaldi egin zituen; guztira 8.750 kilo. Azkenik, Iñigo Eizagirre laugarren izan zen. Zarauztarrak 85 jasoaldi egin zituen; guztira 8.050 kilo.