Verbierren (Suitza) egin den Munduko Mendi Eski Txapelketatik indarberrituta bueltatu da Nahia Quincoces. Mendexarrak txapelketa bikaina egin du Suitzan, eta asteburuan Izaba eta inguruetan egin den Euskal Herriko txapelketarako puntuagarriak izan diren bi probetan ere, sasoiko dagoela erakutsi du.
Lasterketa borobilak egin ditu eta pozik dago; zapatuan [otsailak 21] eta domekan [otsailak 22] egindako kronoigoeran eta bakarkako proban lehen postua errepikatu du Euskal Selekzioko eskiatzaileak. Proba irabazteko faborito nagusia zen eta ez zuen hutsik egin. Quincocesek egin modura, IƱigo Lariz elgoibartarrak ere lehen postuan amaitu zituen asteburuko bi probak.

Nahia Quincoces. Argazkia: Karolo Bandres oroimenezkoa
Eguraldia ez zen antolakuntzak hasiera batean zituen iragarpenekin bat etorri, eta azken momentuan, Bandres Karolo IV. oroimenezko txapelketako bi etapen ordena aldatu egin behar izan zen. Hala eta guztiz ere, antolakuntzak egindako ibilbide ikusgarrietan gozatzeko aukera izan zuten partehartzaileek.
Zapatuan egin zen kronoigoeran elurra mara-mara izan zuten. Lehen eguneko proba polita izan zela nabarmendu du Quincocesek, “besteak beste, baso polit bat zeharkatu behar izan genuen”. 4,5 kilometroko lasterketan barrena, 650 metroko desnibel positiboa igo behar izan zuten partehartzaileek. Izaba herriko plazaren erditik irten eta hasierako metroak korrika egin behar izan zituzten eskiatzaileek. 1,5 kilometro korrika egin ostean, proba eskiak ipinita amaitu zuten.
Helmugan sartzen lehena eskiatzaile mendexarra izan zen; proba amaitzeko 42 minutu eta 27 segundo behar izan zituen. Bigarren eta hirugarren sailkatuekiko abantaila handia lortu zuen. Amets Maiztegik 49 minutu eta 14 segundo eta Ruth Cravenek 53 minutu eta 50 segundo behar izan zituzten proba amaitzeko.

Nahia Quincoces proba egiten. Argazkia: Nahia Quincoces
Domekan, ostera, banakako probako A ibilbidean parte hartu zuen eskiatzaile mendexarrak. Lasterketa teknikoa, luzea eta neketsua izan zen. Hasi orduko, gainera, elurra botatzen ari zuen, baina gero eguraldiak hobera egin zuen. Petretxe jatetxe aurretik irten eta bailarako baso ederretatik lau igoera eta hiru jaitsiera egin zituzten, tartean, 1600 metro inguruko desnibel positiboak ere gainditu behar izan zituzten.
Banakako proba ere, abantaila handiagaz amaitu zuen: bi ordu, bi minutu eta 49 segundo behar izan zituen. Atzetik Uxue Fraile eta Amets Maiztegi sartu ziren: bi ordu eta 17 minutu eta 2 ordu, 32 minutu eta 30 segundo behar izan zituzten, hurrenez hurren.
Mendexarrak adierazi duenez, aurreko gauean nahikoa elur bota zuen eta horrek hasierako metroetan arazoren bat edo sortu zizkion. “Elur berria zegoen, eta jaitsiera batzuetan jausi ere egin nintzen pare bat bidar. Baso zarratuetatik pasa ginen eta tartean zuhaitzak saihesten ibili behar izan ginen. Proba benetan polita eta dibertigarria izan zen. Haize hotza ari bazuen ere, ikusleek zintzarriekin berotu zuten giroa”.