
Tximista Atletismo Taldeko atletak dominak lepoan dituztela. Argazkia: Tximista
Kadete, gazte eta junior mailako txapelketa jokatu zen Donostiako belodromoan eta zilarrezko domina bi eta brontzezko lau irabazi zituzten bertan Tximistako atletek.
Guztira, Tximistako hamabi atletak hartu zuten parte Euskadiko norgehiagokan. Froga batzuk goizean eta beste batzuk arratsaldean izanik, goizetik joan ziren guztiak Donostiara, eta egun osoa pasatu zuten bertan «taldeko giro bikainean».
Lagun giroagaz gain, lehiaketetan ere bikain ibili ziren Lekeitioko atletismo taldekoak. Horrela, Olatz Martiartuk zilarrezko domina irabazi zuen hirukoitza jauzian, eta Pello Lejarzegik ere zilarrezkoa eskuratu zuen pisu jaurtiketan.
Brontzezko dominak lortu zituzten, bestalde, Olatz Martiartuk luzera jauzian, Paul Lauzirikak altuera jauzian, eta Mikel Dolaragak eta Ainara Plazak 400 metrotan.
Dominez gain, marka pertsonalak ere hobetu zituzten taldeko atletek.