Mutrikuko Udalak azkenaldian landu dituen bi egitasmoen inguruko informazio zabala eskainiko du bihar [otsailak 25], 19:00etan, Zabiel Kultur Etxean.
Herritar guztiak parte hartzera deituta dauden bileran, hain zuzen ere, Mutriku-Sasiola errepidearen alternatiba eta Turruntegi-Arbe espaloiaren egitasmoa aurkeztuko dituzte. “Biak ere udalak landutako egitasmoak dira, eta herritarrei planteatzen denaren berri ematea eda bileraren helburua”, azaldu dute udal ordezkariek.
Mutriku-Sasiola errepidea udalak “estrategikotzat” duen egitasmoa da. Aurretik zetorren proiektuak 82 milioi euroko kostua zuen, eta aldundiak proiektua “ez zela egingarria” adierazi zion udalari
Mutriku eta Sasiola arteko errepidea, esate baterako, Mutrikuko Udalak “estrategikotzat” duen egitasmoa da. Aurretik zetorren proiektuak 82 milioi euroko kostua zuen, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak azken agintaldian proiektua “ez zela egingarria” adierazi zion udalari. “Horren aurrean, udalak ekonomikoki egingarria izan zitekeen alternatiba bat topatzea proposatu zuen, eta azterketa egiteko aldundiko diru laguntza lortu zuen”.

Bilera Zabielen egingo da
Joseba Palenzuela alkateak nabarmendu duenez, proiektu berriaz arduratzen ari den Endara ingenieritza enpresako ingeniaria biharko bileran izango da, eta proposamenaren berri emateko aukera ere izango du. “Endara ingerieritza enpresari alternatiba egokiena aztertzeko eskatu genion. Aurreko proiektuaren parean, ekonomikoki egingarria izan behar zuen”.
Udalaren arabera, hiru baldintza bete behar lituzte Mutriku eta Sasiola arteko errepide berriak. “Alde batetik, kostako errepidearen aurreko alternatiba egokia izan behar zuen, eta, bestetik, ingurumenari ahalik eta kalte gutxi egitea zen gure nahia. Horrez gain, zirkulazio astunarentzat modukoa izan behar zen eta ibilgailu mota horiek gurutzeko modukoa”.
Biharko bileran, besteak beste, Turruntegi- Arbe espaloiaren eta Mutriku-Sasiola errepidearen proiektuez arduratzen ari diren ingeniaria eta arkitektua egongo direla aurreratu du udalak
Turruntegi eta Arbe arteko espaloiaren proiektua, aldiz, Martuarte enpresari esleitu dio udalak. “Proiektua gauzatzeko aukeren bat dagoenerako prest eduki nahi dugu. Oinezkoentzako espazio berria irabaziko genuke, eta Arbeko surf gunea eta aisialdi gunea herriarekin lotuko lituzke, baita Laranga auzoa ere”.
Turruntegi-Arbe proiektua gauzatuko duten arkitektuak ere bihar bileran izango direla iragarri du udalak.