
Navarro pilotaria Trinketeko Esku Pilota Txapelketan parte hartzen.
Atzo jokatu zen asteburuko azken partida eta Plazaola eta Navarro 30 eta 14 nagusitu ziren Moral eta Lakaren kontra. Garaipen horregaz, finalaurrekoetara sailkatu diren lehen bikotea dira.
Plazaolaren sakea erabakiorra izan zen, eta azkoitiarrak dozena bat tanto lortu zituen horrela. Moral lekeitiarrak, alderantziz, hiru tanto galdu zituen sakean. Lakak, atzean, ahal zuena eutsi zuen, eta eskuetatik minduta amaitu zuen partida.
Lehen finalistek zain egon beharko dute orain, aurkaria zein izango duten jakiteko. Domekan jokatuko dira kanporaketako azken partidak, eta finalaurrekoetara pasatuko diren beste hiru bikoteak zeintzuk izango diren erabakiko da.
Partida dotoreak asteburuan
Atzokoaz gain, domeka goizean jokatu ziren beste partidak. Arroitajauregi eta Arrate eta Telleria eta Astigarraga neurtu ziren lehenengo.
Iazko finaletik, domekan atera zen berriz trinketeko kantxara Arroita iurretarra, eta sasoian dagoela erakutsi zuen. Arrategaz batera, aurretik jarri zen hasieratik, markagailuan. Telleria eta Bastida baina, abantaila murrizten joan ziren. Astigarraga atzean seguru aritu zen eta Telleria aurrean jokaldi politak eginez. Partidari buelta emateko zorian ere egon ziren. Egoera horren aurrean, onena eman behar izan zuten aurreko hiru urtetako txapeldunek, eta partida berriro ere agintzen hasi ziren. Arroitak sakez eta teilatu gainetik pilota ondo mugituz, eta Arrateren laguntzagaz, 15ean utzi zituzten elgoibartarra eta debarra.
Berdintsuago ibili ziren Jaunarena eta Foster eta Astigarraga eta Etxeberria hurrengo partidan. Partida polita eta orekatua eskaini zuten bi bikoteek. Astigarraga eta Etxeberria aurretik joan ziren, baina Jaunarena nafarrak partida bikaina egin zuen eta trinketeari neurria hartzen badoala erakutsi zuen. Fosterren laguntza handia izan zuen Jaunarenak, tantorik ere ez zuen galdu. Bestalde, Astigarraga bizkor eta abiadura emanez aritu zen, eta fisikoki maila handian dagoela erakutsi zuen Etxeberriak.

Trinketeko Esku Pilota Txapelketako partaideak.